Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Sekula ez naiz oso pertsona sutsua izan. Ez etxean, ez lanean ezta lagun artean ere. Anoetan ere ez. Arbitroaren kontrako amorrua barnean gordetzen duten horietakoa naiz, gure jokalarien hutsei «kaka» edo «kaguen» soil batez erantzuten dieten horietakoa. Anoetan nekez ikusiko nauzue entrenatzaileari oihuka, ezta aldeko gola ero moduan ospatzen ere. Agian horrexegatik, Bayerren kontrako partida bukatu eta, zutik jarrita, jokalariei txalotzen hasi nintzaienean alabak harriturik egin zidan so.
–Zer dela eta hainbeste txalo?– galdetu zidan.
Chanpions-eko azken partida zela erantzun nion.
–Bolada luze batean ez dinagu horrelako partidarik ikusiko, eta gainera, ze demontre, pozik egoteko moduan gauden!
–Pozik?… galdu dugu eta!
Alabak arrazoi zuen, bai. Partida galdu berriak ginen eta ni pozik egoteko motiboak bagenituela esaten ari nintzaion. Ez dagoela ni ulertuko duenik pentsatuko zuen ziurrenik.
Bai, badakit ez duela oso logikoa iruditzen. Are: badakit baten batek konformaerrazegia izatea leporatuko didala, seitik bost partida galtzea ez baita etxafuegoak botatzen hasteko moduko emaitza. Baina guztiz egia da. Pozik sentitu nintzen asteartean.
Amorru txiki baten arantza gorputzean, bai, baina pozik. Pozik nengoen gure jokalariek ezer gorde ez dutelako. Dena eman dute txapelketa honetan eta horrelakoetan ezin da gehiago eskatu. Egia da puntu bakarra eskuratu dugula, baina egia da, halaber, ez dugula behin ere duintasuna galdu. Kontua uste baino errazagoa da: gurea baino hobeak diren hiru talderen kontra galdu dugu. Bayer, Shaktar eta, zer esanik ez, Manchester hobeak dira egun. Agian iaz ez, baina aurten bai. Agian ez askoz hobeak, ez nabarmenki hobeak, baina, bai hobeak. Agian zorte txarra izan genuen Leverkusenen. Agian gehiago merezi izan genuen Shaktarren kontrako partidan Anoetan, eta agian jipoia handiegia izan zen Ukrainian. Agian…
Agian, «agian» gehiago jar genitzake.
Baina ziurtasun bat egon badago: Reala duintasunez lehiatu da talde horien kontra.
Eta hori asko da.