'Agurrak'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Urtero bezala, «Kitto, bukatu da fandagoa» esateko tenorea iritsi da. Realak lasai antzean bukatu du 2011-2012 denboraldia, lasaiegi, zerumugara begira. Ez gora -zoritxarrez- eta ez behera -zorionez-. Hortxe, erdi-erdian. Eta pozik, sailkapenaren linboa agindutako lurra ez izanagatik, ez baita horren toki txarra bizitzeko, ezagutu ditugu lur idorragoak eta padura zingiratsuagoak. Ez, linboa ez dago horren gaizki eta gainera, ze demontre, gure bihotz txuri-urdinei on egiten die bertako klimak.
Urtero bezala, balantzea egiteko tenorea iritsi zaigu. Eta nik, futbologo enpirikoa naizenez, botila bete ardo beltz ireki -Alkorta markakoa, 2006ko erreserba- eta trago batean hustu dut erdiraino.
Hi, Xabi, esadak zer ikusten duan. Erdi beterik? Erdi hutsik? Ardoa ala hutsa?
Ba, orain ardoa ikusten dut. Eta jarraian, hutsa. Eta gero ardoa. Eta jarraian, atzera ere, hutsa. Ez dakit. Denboraldiak gauza on asko utzi dizkigu. Agirretxeren golak. Griezmannenak. Velarenak. Iñigo Martinezen agerpena. Aurrerapausoak ikusten ditut. Baina hutsa ere hor dago. Prietoren denboraldia. Demidovena. Elustondo eta Bergararena. Llorenteren desagerpena.
Eta Montanier.
Montanierri esker salbatu gara? Montanier gorabehera salbatu gara? Aurrera egin duten jokalariak atzean geratuko ziren beste entrenatzaile batekin?
Ai, Xabi, Xabi… segi ardoa edaten eta hutsa baino ez duk ikusiko…
Eta urtero, bezala, futbologooi ere agur esateko tenorea iritsi zaigu. Niretzat -eta ziur naiz, baita Xabi Vazquezentzat eta Jon Odriozolarentzat ere- plazer handia izan da Realari buruzko gure kontutxoak hemen azaltzea. Orain oporretara goaz eta ez dizuet gezurrik esango: atsedenak on egingo dit. Izan ere, bukatu berri dudana nire zazpigarren denboraldia izan da.
Nik ere, Mikel Aranburuk bezalaxe, gustura asko hartuko nuke urtebeteko atsedenaldia, baina ni ez naiz Mikel, eta Irutxuloko Hitzakoek ez didate uzten. Beraz, irailean hemen egongo naiz berriro. Oraindik badira klaseak. Mikelena bezalakorik, ordea, ez.