'Bietako bat'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Ez dakit ezta nola definitu ere. Zorte txarra? Patua? Bizioa?… Ez dakit. Alabaina gauza bat argi daukat: horrelako gauzak maiz gertatzen zaizkio Realari. Eta, noizean behin, soilik Realari.
Falcaok urte asko darama profesional moduan eta, faltaz izan ezik, golak kolore eta forma guztietakoak sartu ditu. Igandera arte. Igandeaz geroztik Falcaok badaki zer den faltaz gola sartzea. Horrelako gauzak gertatzen zaizkigu.
Agian horrexegatik, Falcaok baloia hartu eta jaurtitzeko prest ikusi nuenean zera pentsatu nuen, gola sartuko zuela ezinbestean, ez zela modurik egongo baloi hura gelditzeko, ezta atepean hamaika Zubikarai jarrita ere. Eta pentsatu nuen jokaldi hura gola izango zela nahi eta nahi ez, Falcao baita Espainiako Ligako izar berria, Marcak Messiri eta Cristianori itzal egiteko sortutako izen berria, eta nekez geratuko zen gizona golik sartu gabe. Gainera, horrelako gauzak dira Realari gertatzen zaizkionak.
Jaurtiketaren zain geundela, nire lagun Ion Ansarekin oroitu nintzen. Ion Ansa politologoa da –besteak beste- eta hauteskundeei buruzko analisiak egiten aritu da Interneten duen blogean. Ostegunean bota nion erronka Twitteren bidez, «esan ezak zer gertatuko den igandean», «ausartu hadi emaitza ematen»… Ni, jakina, hauteskundeei buruz ari nintzaion. Ionek, ordea, bestela erantzun zidan, jakin baitaki Realzalea naizela. «Baietz Realak galdu eta guk irabazi!!».
Berehala damutu nintzen galdetu izanaz. Bat-batean, asmatu egingo zuela pentsatu bainuen. Bi apustuak asmatuko zituela. Gutxienez, bietako bat.
Bai, ziur nengoen: gutxienez, bietako bat asmatuko zuen nire lagun politologoak. Bihozkada? Susmoa? Errezeloa? Ez dakit ezta nola definitu ere. Horrelako gauzak gertatzen zaizkit.
Eta Falcaok jaurti egin zuen. Maisuki. Lehenengo aldia ez balitz bezala. Eta baloia barrura joan zen. Lehenengo aldiz.
Bitartean irratiak emaitza errepikatzen zuen, EAJ 27, EH Bildu 21…
Bai, arrazoia nuen: bietako bat asmatu zuen Ionek.