Xabier Etxaniz Rojo: 'Dragon Khan'
Joan den asteburua Dragon Khan famatuan pasa nuen. Ez, noski, Port Aventurako mendi-errusiarrean, ezpada Trintxerpeko inauterietan mozorrotzeko nire arrebaren koadrilak sortu zituen tramankuluetan.
Bai, badakit zer pentsatzen ari zareten: ni bezalako pertsona errespetagarri batek seriotasuna behar du ikur, eta ez zabiltzate oker. Are: aitor dut ihes egiten diedala inauteriei, gero eta gutxiago gustatzen zaizkidala. Alabaina, arreba parte har nezan erreguka etorri zitzaidanean, ezin izan nion ezetzik esan eta han ibili nintzen, egun osoa mendi-errusiarrean sartuta, gora eta behera, iji eta aja. Ondo pasa nuen, bai, baina igande gauerako porru eginda nengoen. Dakizuenez, adinak ez du barkatzen.
Artean ez nekien astelehena ere mendi-errusiarrean igaroko nuela. Izan ere, horixe izan baitzen joan den astelehenean Anoetan gertatu zena. Vallecaseko gure lagunek Dragon Khan-erako sarrerak ekarri zizkiguten opari, eta guk besoak zabalik onartu genuen gonbitea.
Bidaia ero bat proposatu ziguten hasieratik, kontrolik gabeko futbolari gorazarre, orain gora eta gero behera, orain bertigo eta gero oihu, behin eta berriro, hamaika tximeleta eta hamaika kili-kili.
Eta guk, nola ez, proposamenari baiezkoa eman genion. Beste futbol mota bat nahiago dugu, baina, Vallecasekoak hain lagun onak izaki, ezin ezetz esan beraien proposamenari. Noiz edo noiz futbolak ere festa behar du eta.
Artean ez genekien horrenbeste aldapak zeharo zorabiatuko gintuela, eta burua bagoiaren ertzean jarrita, afaria goitikatzen hasiko ginela.
«Abisatu genizuen hau gertatuko zela» esan digu aitak.
«Kalamidade halakoak! Nik banekien hau gertatuko zela! Segi etxerantz, derrepentean!» entzun dugu amaren ahotan.
Alferrikakoak izan dira azalpenak. Alferrikakoak izan dira «Eske nik uste nuen…» guztiak.
Gurasoak serio jartzen direnean txantxa gutxi. Burua jaitsi, lezioa ikasi, eta hurrengoan egin dezagun egiten dakiguna.
Ondo dago dibertitzea, baina ez da komeni kontrola galtzea.
Realari ere ez.