Xabier Etxaniz Rojo: "Euria bota lezake"
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Gure danborradako zuzendariak jada ez daki zer egin behar duen tropak jaramon apur bat egin diezaion. Ibilbidearen erdira iritsi dira, eta orain, Konstituzio plazaren erdian daudela, egoerak okerrera egin du nabarmen.
Zuzendariak zeru gero eta beltzagoari egin dio so eta Frankestein gaztea pelikularen eszena gogoangarri harekin gogoratu da une batez.
Okerragoa izan liteke.
Okerragoa?
Bai… euria bota lezake…
Egia da, egia denez, zuzendariak denbora gutxi daramala plaza berri honetan. Iritsi berriak zera uste zuen, ez zuela arazorik izango danborrada hau zuzentzeko. Azken batean, zer da danborrada, musika eta erritmoa ez bada? Eta musika antzekoa da mundu osoan, partiturak antzekoak dira hemen eta han, eta dena ondo ateratzea gustu kontua da neurri handi batean. Gustu ona, musikari onak, eta tropa agintzeko gaitasuna.
Dagoeneko ohartu da oker zegoela.
Londresen edota Manchesterren orkestrak zituen bere agindupean. Donostiako danborrada honek, ordea, banda baten itxura osoa du…
Ez, ez du horrelakorik pentsatu nahi. Pentsatu nahi du hemengo idiosinkrasia dela eta musikari zein danbor-jole onak dituela bere agindupean. Pentsatu nahi du barril-joleek jakin badakitela formazioaren lerroak zuzen eramaten, baina auskalo zergatik, orain ez direla gai zuzen joateko eta sekulako kaosa dagoela han atzean. Pentsatu nahi du danbor-joleek jakin badakitela Iriyarena-ren sarrera denok batera egiten. Alabaina, jo behar izan duten bakoitzean baten batek egin izan du kale, behar baino lehenago jo du danborra edo behar baino geroago, eta gauzak horrela, ez dago modurik soinua garbi entzuteko.
Pentsatu nahi du banda bat baino zerbait gehiago daukala aurrean. Baina hain da zaila…
Konstituzio plazaren eszenatokiaren gainean, zuzendariak zerura zuzendu du atzera ere begirada. Tximista batek zerua argitu du une batez eta zuzendariari kopeta belztu zaio.
Danborradaren erdia baino ez dute egin, eta, aukeran, etxeko epelean egon nahi luke…
Okerragoa izan liteke, bai.