Xabier Etxaniz Rojo: 'Lehengo lepotik burua'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Bizitzak kasualitateak baititu, ez ninduen harritu Berriako kazetari Jon Eskuderok asteartean Realaren partiduaren kronikari hasiera emateko erabili zuen esaerak: Lehengo lepotik burua. Hain justu, partida amaitu eta handik gutxira nire lagun Felixek telefonora bidali zidan esaldi bera. Beno, egiari zor, nire lagun Felixek gauza gehiago esaten zituen mezuan, baina, Osasunaren kontrako berdinketaren ostean gertatu legez, han botatakoak ez dira hemen errepikatzeko modukoak.
Bai jaun-andreok: lehengo lepotik burua. Denboraldi honetan nahi baino gehiagotan gertatu zaiguna gertatu zitzaigun atzera ere Granadaren kontrako partidan. Kasualitatea? Agian bai, baina ez dut uste. Antza denez iaz ikasitakoa ahaztu egin zaigu. Izan ere, iaz jakin bagenekien ondo jokatzen markagailuaren haizea alde geneukanean. Baloia gorde, partida moteldu, aukerarik ez eman… Aurten, ordea, gure aurrelariek –Seferovic, ez nauk hitaz ari– gol bat sartu orduko hasten zaizkigu hankak dardarka, halako moldez non talde sendoa zirudiena bat-batean desagertzen den kea airean nola. Eta hor hasten dira komeriak. Beno, komeriak edo, nahiago baduzue, esperpentoa… Granadaren kontrako azken hamar minutuek gehiago izan baitzuten esperpentotik futboletik baino…
Lehengo lepotik burua, bai, baina izan gaitezen baikorrak. Denboraldi ikaragarri luze honi bi partida baino ez zaizkio geratzen, eta ezbairik gabe, hori berri pozgarria da Reala maite dugunontzat. Gainera, ezusterik ezean, seigarren geratuko gara sailkapenean eta hori ere pozgarria da azken hilabeteotan gasolinaren pilotua piztuta daraman talde batentzat. Bigarren urtez jarraian Europara. Kasualitatea? Agian bai, baina oraingoan ere, ez dut uste… Den-dena ahaztu ez zaigun seinale…
Arestian esan bezala, gasolinari dagokionez, eskas iritsi gara bukaerara, baina espero dezagun daukagun apurra A-8a zeharkatzeko lain izatea. Zeharkatu, zertxobait eskuratu eta buelta etxera. Eta gero… oporretara joan gaitezen denok.