Xabier Etxaniz Rojo, idazlea.
Asteartean euskaltegiko ikasle batek «ametsa zeukala» esan zidan. «Por la Real, badakizu…». Behe urratsetako hizkera berezia deszifratzen jantzita bagaude ere, batzuetan ikasleen kolpeak durduzaturik uzten gaituzte, eta ni horrela geratu nintzen, ikasleak zer esan nahi zuen ulertu ezinik, harik eta «ametsa» zegoen tokian «logura» jarri behar nuela ohartu nintzen arte.
Logura zen gizona, eta ez da harritzekoa, gaueko hamabietan Anoetatik atera eta zazpi eta erdietan sartu baitzen –baikinen- ikasgelara.
Nik ere «ametsa» –era ironikoan– neukala erantzun nion eta, ziurrenik, antzera egongo ginela realzale guztiok, ametsa eta loguraren arteko linboan.
Etxerako autobusean jendea ahozabalka zetorren, baiki. Hitz gutxi eta horiek denak txarrak. Maldizioka. Zorte txarra izan genuela entzun nuen. Ez dakigula partidak «ez-jokatzen». Baita hainbat lore ordutegiak jartzen dituenaren amarentzat ere. Eta nik, nire gene gipuzkoarrari men eginda, isilik eman nien arrazoia denei.
Partida amaituko zen Agirretxeren errematea zutoinera beharrean barrura joan izan balitz. Eta azken hamar minututan jokatu nahi izan genuen futbolean –nire lagun Felixek pase-mi-si, pase-mi-sa esaten dio futbol horri– ohartu gabe horrelakoetan «ez-jokoa» izaten dela onena, baloia geldiarazi, jokoa geldiarazi eta partida ohean hiltzen utzi, sufritu gabe, lasaigarria tantaka emanda. Azken minutuetako «ez-jokoa» mila aldiz pairatu badugu ere, oraindik ez dakigu ondo egiten. Gure gene gipuzkoarraren errua, ziurrenik.
Hiru partida falta dira eta realzale guztiok antzeko zerbait sentitzen dugu: Championseko ametsak ihes egin digu eta orain Europa Ligaren logura geratzen zaigu. Pena da, bai. Esku-eskura izan dugu baina ez dugu lortuko. Gure gene gipuzkoarrak esan digu Valentziak falta zaizkion hiru partidak irabaziko dituela. Eta gene berberak esaten digu Realak ez dituela irabaziko.
Horrelakoak gara.
Ez legoke gaizki Sevillatik, hiru puntuez gain, gene berri batzuk ere ekarriko bagenitu…