Xabier Etxaniz Rojo: 'Pazientzia'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Hamaika aldiz hasi naiz gaurko Futbologia hau idazten eta hamaika aldiz ezabatu behar izan dut idatzitakoa. Lehenengo esaldia jarri, jarraian bigarrena, eta hirugarrenera iritsi bezain pronto, ttak, lehenengoak zuen magia desagertu da bat-batean, ideia mengel eta ezdeusa begitantzen zait, eta hatzak supr botoiaren bila egiten dit ihes. Horrela behin eta berriro.
«Pazientzia, Xabi, pazientzia! Agertuko duk ideia eta testuak egingo dik korrika…!» adoretu dut nire burua, baina animoak ziztuan desagertu dira, izotzak eguzkipean nola desagertu ere, eta pentsamendu ilun eta zatar batek kolpatu nau segidan. «Bai, testuak korrika egingo dik Griezmannek Anoetako ezker-hegaletik egiten zuen bezala…».
Ez, ez nioke horrelako zaplaztekorik eman behar neure buruari… Pazientzia daukadala esan nahiko nuke, baina ezin dut. Jagobarekin pazientzia gutxi izan dugula idatzi nahiko nuke, baina esaldiak indarra galtzen du pantailan agertu bezain pronto.
Jagobari atezaina, zelai erdiko bizkartzaina eta aurrealdeko lemazaina lapurtu dizkiotela, eta idatzitakoa egia izanik ere, ez nau asebetetzen.
«Pazientzia, Xabi, aterako dituk ideiak» esan diot atzera ere nire buruari, baina iragana belarrira hurbildu zait, isilean hurbildu ere, eta halako batean zartako bat eman dit inolako errukirik gabe. «Bai, ideiak aterako dituk, Illarramendik baloiak ateratzen zuen bezala…». Bai, pazientzia apur bat geratzen zaidala esan nahiko nuke, baina gezurra litzateke. Eta horrek ematen dit amorrurik gehien.
Izan ere, behin baino gehiagotan salatu baitut txoko honetan bertan pazientziarik ezak futbolari egin dion kaltea. Futbola valentziatzen ari da, halako moldez non denok izan behar dugun Champions Liga helburu bakar, non konpetitiboa izatea eta zortzigarren geratzea porrotaren sinonimotzat jotzen den.
Ez, ez zait gustatzen pazientzia galtzea.
«Eutsi, Xabi, eutsi, testu txukun bat idatziko duk azkenean».
Alabaina, amore ematekotan nagoela aitortu behar dizuet. Zoritxarrez, ez dut beste irtenbiderik ikusten. Dena ezabatu eta berriro hasi.
Zerotik.
Enegarren aldiz.