Xabier Etxaniz Rojo: 'Zigorra'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
“Egia bilatzen duenak berau topatzearen zigorra merezi du”. Ez dakit nork esan zuen esaldia, baina esango nuke pertsona horrek gene gipuzkoarrak dituela. Are: esango nuke Realzale amorratua dela.
Izan ere, Champions-a bilatzen duenak berau jokatzearen zigorra merezi baitu. Iaz ereserki ospetsua Anoetan entzutea genuen amets eta orain nagia eta guzti ematen digu. Iazko joko bikainak badu albo-kalterik aurtengo Ligan eta dagoeneko hasi gara ohartzen eta damutzen. Ai ene! Orain gure jokalariei freskotasuna falta zaie, ez daukate denborarik partidak behar bezala prestatzeko, lesio gehiegi egon da ezer onerako eta, hori gutxi balitz, hainbat jokalarik onena eman zuten Lyon-en kontrako bi partidetan, halako moldez non, dena eman ostean hutsik geratu baitziren, tiki-takarako erabat idor eta antzu.
Zer egingo dugu ba! Gipuzkoarrok horrelakoak gara.
Ez dut esango arrazoiaren parte txiki bat ez dugunik. Malagaren kontrako berdinketaren ostean hasi naiz gaurko futbologia hau idazten, baina zuk, ene irakurle estimatua, berau irakurtzerako, Realak Bartzelonari jada egin dio bisita eta Sevillaren kontrako partidaren bezperan egongo da. Erruleta batean sartu gaituzte eta laster seko jota egongo gara denok, Realak noiz, non eta noren kontra jokatzen duen jakin gabe.
Futbolaren eromena polita da baina are politagoa da erotzen direnak besteak direnean. Eta gainera, zer demontre, Realarekin astean behin sufritzen zaildu ditugu gure bihotzak eta hau gehiegizkoa da, ezbairik gabe.
Alabaina, nago gure ajearen sorburua beste toki batean bilatu behar dugula. Agian pentsatu genuen Champions-a jokatzeko txartela eskuratzeak Barça, Manchester eta enparauen maila berean jarriko gintuela. Bonboa konpartitzeak de facto handituko gintuela. Eta hori pentsatzeak ez digu ezer onik ekarriko. Gauza handia da nor zaren jakitea. Ez gara Manchester eta ez gara Bartzelona: ez ditugu partida guztiak zertan irabazi.
Beraz, goza dezagun gure zigorraz, merezi dugu eta. Eta orain, zukutzera gatoz.
