Xabier Lopetegi: 'One club man'
Xabier Lopetegi; Kazetaria.
Ez zitzaidan asko kostatu eskaintzei uko egitea. Ez naiz demagogoa izango. Pribilejiatu batzuk gara, ez daukagu diru gehiago pilatzeko beharrik, dagoeneko pila irabazten dugulako. Bakoitza libre da erabakitzeko, baina nik ez dut sekula alde egiteko beharrik ikusi. Beti sentitu naiz oso ondo baloratuta eta oso ondo ordainduta».
Xabi Prietorenak dira hitzak, aste honetan bertan esandakoak, kanpoko diruaren tentaziorik eduki duen galdetuta. Oso ondo azaltzen dute zergatik den Prieto erreferente bat Realean. Eta zapuztu egiten dute, jokalari batek talde kutuna poltsikoaren mesedetan uzten duenean, «zuk gauza bera egingo zenuke» diotenen diskurtso zinikoa. Gehienetan, dirua da dena. Baina ez beti. Badira negozio hutsaz haratagoko kontsiderazioak. Iltze horri heltzen diogu, Amaia Portugalek berripaper honetan duela gutxi idatzi bezala, futbolaren kontraesanetan erortzen garenok.
Kapitainaren etorkizuna dabil orain denen ahotan. Kontratua amaitzen zaio sasoi bukaeran, eta oraindik ez du argitu berrituko duen. Ez dut Prieto pertsona bezala ezagutzen. Askotan elkarrizketatu nuen, eta gogoan dut inor gutxik baino erraztasun gehiago ematen zizkigula kazetarioi. Bereziki estimatzekoa zen eskaerak erantzuteko zuen prestutasuna, arreta gunea izatea atsegin ez duen pertsona izanda. Nekez emango zizun lerrobururik, baina zintzo eta zuzen erantzuten zuen.
Zutabe honi bueltaka ari nintzela, saiatu naiz bere buruan jartzen, eta kazetaritza-fikzioa egiten. Irudipena daukat Prietok, ehuneko handi batean, hartua zuela aurten erretiroa hartzeko erabakia. Iragan sasoian oso gaizki pasatu zuela, eta buelta dezente eman zizkiola buruari. Eta orain, aldiz, berak ere ustekabea hartu duela fisikoki eta joko aldetik ematen ari den maila zoragarriarekin.
Aldi berean, uste dut bere ibilbidea ondo bukatzeari garrantzi handia ematen diola. Reala Europa Ligarako sailkatzeak, aukera hori ematen dio. Zer esanik ez, Txapeldunen Ligarako txartela lortzen baldin badu. Bere ibilbidean lehenengo aldiz Realarekin Europan ibilbide txukun bat egitea, ordea, erretiroa atzeratzeko goxokia da kluba hainbeste maite duen jokalariarentzat. Seguraski Krasnodarren arantza oraindik sartuta edukiko duenarentzat.
Kontua da ezin duela jakin exijentzia horri aurre egiteko gai izango den, eta oraingo mailari eutsiko dion. Ezta, eutsiz gero, zenbatean eutsiko dion. Ororen gainetik, Prietok zintzo jokatu nahi du bere buruarekin, eta klubarekin. Eta beharbada hortik etorriko zaizkio zalantzak, logikoak, ulergarriak, eta txalogarriak.
Busti gaitezen: ez dut kapitaina Realetik kanpo ikusten. Denboraldiak orain arteko ildotik jarraituz gero, urtebetez harekin gozatzen jarraituko dugu. Ez nazala desioak itsutu!