Xabier Lopetegi: 'Itxura'
2013an, Realak Seferovic fitxatu zuen. Ezker aurrelaria. Gaztea. Planta eta teknika apartekoa. Hasiera bikaina eman zion denboraldiari. Bideoan grabatzeko moduko bizpahiru gol sartu zituen. Eta kito. Inolako protagonismorik ez zuen eduki harrez gero. Ez behintzat zelaian.
2014an, Finbogasson ekarri zuen taldeak. Herbeheretako ligako goleatzaile nagusia. Bi denboralditan hango sareak makina bat bider zulatutakoa. Europako idazkari teknikoen txosten guztietan begiz jota omen zegoena. Errematerako sena, ordea, bidean gelditu omen zitzaion. Gehiago nabarmendu zen hizkuntzak ikasteko zituen erraztasunagatik.
2015. Jonathas de Jesusen txanda. Elxen talde erdia zen brasildarra. Baliabide gutxiko taldean, oso aukera gutxirekin, urrea atera zuen. Jaurtiketa bortitza bi hankekin, baloiari eusteko gaitasuna, grina… pozik hartu genuen zaleok, apustu segurua zirudielako. Zirudien. Aurreko biek bezala, itxura bikaina zuen brasildarrak, baina ez zuen arrakastarik lortu gurean.
Joan den uda. Ustekabean, William Joseren fitxaketa iragartzen du klubak. Zarata handirik atera gabe. Zaleon lehen keinua: ‘Google deuna’ kontsultatu. Hor ikusten dugu Las Palmasetik datorrela, talde kanariarrak ez omen duela interes gehiegirik harengan, eta bere gol kopuruak ez direla inor zoratzeko modukoak. Etsipena eta haserrea. Loren denon juramentuetan. Ez da lehen aldia. Fernando Llorente omen zen etortzekoa. Mediatikoagoa, lirainagoa, bizilagunei adarra jotzeko aukera ematen zuena. Itxura hobea zuena.
Swansean dago egun Llorente. Kritika latzak jasotzen ari da. Azkena, Alan Shearer mitikoarena. William Jose, aldiz, denboraldiko albisterik onena bihurtu da. Sei gol sartu ditu, baina askoz harago doa haren ekarpena, dimentsio berria eman baitio taldearen jokoari: gai da areatik urrun baloia jokatu, jokaldia jarraitu, eta errematera iristeko. Ezohiko brasildarra ei da: apala eta hitz gutxikoa.
Futbolean, bi gehi bi ez da beti lau. Sarritan, hamalau dira gertuko intxaurrak, eta lau urrunekoak. Hankasartzea zirudien Chory Castro denboraldi erdian joaten uzteak, baina horri esker Oiarzabal goi mailan finkatu zen, eta taldeko erreferente nagusietako bat bilakatu. Arriskatua zirudien De la Bellari uko egitea, baina erabaki horrek lekua egin dio Yuriri, eta bikain ari da erantzuten zarauztarra. Okerra zirudien udan fitxaketa gehiago ez egitea, dirua bankuan uztea, baina emaitza ederrak ari da lortzen gutako askorentzat gabeziak zituen talde honek.
Badirudi denboraldia gozotik joango dela, bai. Itxura polita du Realak, baina itxuraz ezin zara fidatu, ez onean, eta ezta txarrean ere. Beraz, ez dut magia hautsiko epe luzeko pronostikoekin. Gozatzera mugatuko naiz. Hurrengo Futbologia arte–itxura guztien arabera–!