Xabier Lopetegi: 'Lasaitasuna'
Xabier Lopetegi, Kazetaria
Esan ohi da hondoa jo behar duzula igotzen hasteko. Beharrezkoa dela arazo bat duzula aitortzea, zure burua larri ikustea, aitzakiak alde batera utzi eta aldaketaren bideari ekiteko. Lasai, ez nator zutabe honetara Pablo Coelhorena egitera. Horretarako badaude sare pseudosozialak. Besterik gabe, egokia iruditu zait konparazioa, Realak Sportingen aurka galdu ondoren izandako gorakada azaltzeko.
Barregarri aritu zen taldea Gijonen. Porrot batzuk, ordea, terapeutikoak dira. Esnatzeko balio dute. Gaizki zabiltzala konturatzeko. Txorakeriak alde batera uzteko. Horixe gertatu zaio Realari. Harrez gero, lau partida irabazi ditu jarraian. Baita ondo irabazi ere. Eta garaipenak hiru puntu balio dituenetik, halako bolada batek beltzetik zurira dakartza gauzak. Badirudi jokalariak duten izenari –eta nominari– ohore egiten hasi direla behingoz. Moyesen itzala oso luzea zen. Bere erabakiek, eta balizko integrazio faltak, eztabaida eta kritika guztiak erakartzen zituzten. Bere pisu mediatikoak arindu egiten zituen jokalarien bizkarrak. Hura joatearekin bat, ordea, begirada guztiak jokalariengan pausatu ziren. Eta badirudi suspertu egin direla, Eusebioren sen onak eta apustu zuzenek lagunduta. Ez zuten beste erremediorik.
Athleticen aurkako garaipenak susperraldia borobildu zuen. Zuri-gorriek –baten bat gurean sortua–, lehiakortasuna joko zikinarekin nahasten dute. Tristea da nola mespretxatzen duten aurkaria, nola saiatzen diren epailea engainatzen, nola banatzen duten egurra besteen fisikoa arriskuan jarriaz… nola uste duten denak balio duela irabazteko. Reala inuxenteegia izango da batzuetan, baina beti zintzo eta garbi jokatzen du. Hori dela eta, hiru puntuez gain, plazer gehigarria izan zen Raul Garcia, Muniain eta enparauak epailea kritikatzen entzutea –gaizkiegi ohituta omen–.
Orain, Realak aukera du goseari eta grinari eusteko, helburu handiagoen bila. Gehiegitan gertatu zaio hondoa jo behar izatea barruan duena ateratzeko. Gehiegitan gertatu zaio ere duenarekin konformatzea. Gogoratu besterik ez dago duela bi denboraldikoa; Txapeldunen Ligan sartzetik gertu egotetik, zazpigarren postuan erortzera pasa zen, azken jardunaldian Anoetan Vila-real aurkari zuzenari alfonbra gorria jarriaz. Horrek ekarri zuen Europa Ligako sailkapen fasea jokatu behar izatea, eta Krasnodarren hondamendia gertatzea.
Lasaiago gaude, bai. Zorioneko erosotasuna. Baina lasaitasuna ez dadila lasaikeria bilakatu. Merezi du zakarrontzian zirudien denboraldia ederresten saiatzeak.