Xabier Lopetegi: 'Memoria'
Xabier Lopetegi, Kazetaria
Benetan bitxia da memoriak nola funtzionatzen duen. Eta ulertzen zaila. Gertatzen da batzuetan pelikula bat ikusi, edo liburu bat irakurri, eta handik egun batzuetara ezertaz ez akordatzea. Berdin dio gustatu zaizun edo ez. Nolako amorrua, argumentuaz galdetzen dizutenean, edo gomendio eske joaten zaizkizunean, eta zer esan ez dakizunean. Hori bai mozolo aurpegia. Zertarako balio du gauez italiar neorrealismoari buruzko dokumentala ikusteak, biharamunean laburpen txiki bat ere egin ezin duzunean?
Aldiz, sekulako gaitasuna dut inolako garrantzirik ez duen informazioa gordetzeko. Batez ere kirolari lotutakoa. Arrapaladan bota dezaket Superdepor-en hamaikakoa eta ordezkoen zerrenda. Fresko-fresko dauzkat gogoan 90eko hamarkadako hainbat jokalariren ibilbideak. Ez bakarrik izarrenak, ez pentsa; nire burmuinak kariño berezia die porrot sonatua izan ziren hainbat fitxaketa ustelei. Eta nola ez, entziklopedia bezala ditut gogoan iltzaturik, esaterako, Realaren atzerritarren izen-abizenak eta pasadizoak.
‘Trebezia’ honek ez nau bereziki harrotzen. Nekez lagunduko dit lana bilatzen. Gehienez nire tankerako beste frikiekin adiskidetzeko balioko dit. Izan ere, Betiseko zale batekin topo egin, eta Kowalczyk-i buruz hitz egiten badiozu, irabazita daukazu betirako. Gainerakoan, gustatuko litzaidake egiazko balioa duten edukiak gordetzeko kapaza banintz. Bakoitzak bere gurutzea du eta hau da nirea –beste askoren artean.
Ez dut uste, ordea, hemendik urte batzuetara aurtengo Realari buruzko oroitzapen askorik izango dudanik. Azalpena garbi dago. Denboraldi deskafeinatu, gatzgabe eta hutsala izan da. Taldeak ez du eduki ez estilorik, ez bereizgarririk, ez arimarik, eta ezta gogoratua izateko moduko inolako dohainik ere. Imintziorik ez du egin sailkapeneko postu anonimoetatik irteteko. Irregulartasunean izan da bakarrik erregularra. Eta horrela joan zaigu sasoia, ia oharkabean.
Oiarzabal, Elustondo, eta beste zenbait gazteren agerpena da argi izpi bakarretakoa. Illarramendi, Iñigo Martinez, Agirretxe –marka da usurbildarrarekin gertatutakoa- eta enparauekin batera oinarri sendoa osa dezakete etorkizunari begira. Baina hori fitxaketa egokiekin borobildu beharko da. Gustatu edo ez, kanpotik datozenekin asmatzeak emango dio kalitate jauzia taldeari.
Ez dute lan makala arduradunek galbahea egiten. Hausnartzeko denbora ere hartu beharko lukete: zerbaitek huts egiten du Realean, kapitainordeak bigarren zatian estadiotik alde egiten duenean, edo entrenatzaileak arerioari bere jokalariak gomendatzen dizkionean. Gure klubaren izaeraren aurka doazen ekintzak dira, bete-betean. Memoria pixka bat, faborez!