Xabier Otaegi: '¿Adonde demos dil?'
“Ayyyy jape! ¿Adonde demos dil con loquesta cayendo? Pa dil y volvel, mas vale no dil“. – Ene! Nora joango gara ari duenarekin? Joan eta itzultzeko, hobe ez joan–. Halaxe zioen Andaluzian ezagutu nuen ijitu batek, gustuko ez zuen zerbait egitea proposatzen genion bakoitzean. Ez zituen gogoko paseoak, alferrikakoa iruditzen zitzaion kirola egitea, ez zitzaion gustatzen zegoen lekutik mugitzea –mas vale no dil– eta batez ere alferrikakoa zen harentzat lan egitea.
Urte asko pasa dira Ildefonso –halaxe zuen izena ijituak– azkena ikusi nuenetik eta haren argazki zahar bat aurkitu dudanean, berarekin pentsatzen jartzea ezinbestekoa gertatu zait. Zer esango lidake Ildefonsok nire oraingo bizimodua ezagutuko balu? Egiten ditudan gauzatatik zenbatek ez dute, haren iritzirako, ezertarako balio? Idazten ari naizen hau adibidez, zertarako idatzi? “Inork irakurtzen al dik?” galdegingo lidake. “Asko ordaintzen al ditek tontakeria horiek idazteagatik?”. “Eta ordaintzen ez baditek zertarako idazten dituk?”. Txorradak idaztea atsegin zaidala esango banio ere ez lidake ulertuko, hori ez baita serioa.
Pailazo lanari buruz zer esanik ez. Haur eta haur ez direnak poztu ditugula, musika eta alaitasuna han hemenka zabaldu dugula, euskararen zabalkunderako garrantzizko lana izan dela eta xarma eta itxaropena leku askotan utzi dugula esateak ez luke eraginik izango Ildefonsogan. Akaso, noizbait diru gutxi batzuk irabazi ditugula aipatuta justifikazio apur bat aurkituko lioke alferrikakoa eta batere serioa ez den gure titiritero ofizioari.
Mendian paseatzea oso gogokoa dudala jakinez gero burutik egina nagoela pentsatuko luke. Malda gora nekatu eta izerditu ondoren aldapa behera hartu eta abiapuntura jaitsi –¿pa dil y volvel?–, hori baino gauza alferrikakoagorik? Himalayako hainbat mendi handi lehendabiziko aldiz gainditu zituen mendizaleak, Lionel Terray frantsesak, esan zuen: “Alferrikakoen konkistatzaileak maite ditut”. Ildefonsok ez bezala gauzaezak, alferrekoak, ezertarako ez direnak, baina norberari satisfazioa eman diezaioketen ekintzak maite zituen Terrayk, nahiz eta ijituarentzat gauza serioak ez izan.
Donostian txirrindazale ugari bizi garela jakingo balu? Beharrik gabe kilometro mordoa neke eta sufrimenduz egitea –mas vale no dil– serioa ez dela esango luke. Ez lidake sinetsiko gurean bizikletaz egunero batez beste 18.000 bidaia egiten direla bidegorriz osatutako sare zabala erabiliz. Sineskaitza irudituko litzaioke bizikletaz espaloi gainean ibiltzea, telefonoz hizketan jardutea edo musika entzuten joatea eragozia dagoela, eta arau-hausleei isunak jartzen hasiko zaizkiela jakitea. ¡Ayyyy jape! pentsatuko luke, herri serioa da gero hau!
Bai zera! Herri hau edo herri honetako arau-jartzaileak ez dira batere serioak. Aipatu ditudanak kontuan izanik: bizikletak behar diren lekuetatik bideratu eta txirrindulariak adi-adi ibiliz gero, zertarako karajo behartuko dute bizikletetan “txirrina” eramatea? Beste ziklistei norbere tinbrearen hotsa erakusteko? Alboko errepidean doazen autoak agurtzeko? Manilarrean traste gehiago eramateko? Ez daramatenei isuna jartzeko asmoa omen dute gainera. Hau bai ez dela serioa. Ildefonsok esango lidake: Mas vale no dil.