Xabier Vazquez: ‘Basque country’
Xabier Vazquez, Realzalea
Aurrekoan gauza miragarria gertatu zen, Etxanizen iritziarekin bat etorri nintzen. Etxaniz idazle prestua da, eta euskara irakasle ez oso baldarra; baina…. futbolaz eta Realaz ez daki piperrik! Horregatik txalotu behar zaio bereziki Futbologia txukun eta jantzia egiten duenean.
Egun duguna aurreko denboraldian azken unean lorturiko saria da. Reala laugarren geratu zen, batzuen esanetan Montanier egonagatik ere, eta tentsioan eduki gintuen bigarren itzuli baten azken poza izan zen.
Azken partidan lortua, zail samar ikusten zen karanbola bati esker. Herenegun, azken minutuan gauzak asko zailtzen dizkigun gola sartu ziguten, baina karanbolarekin amets egitea besterik ez dugu.
Hain goian gaude non orain askotxok nahi duten Realaren gertu azaldu argazkian. Eta gainera Realari esker basque country-a Europan zehar zabaltzen ari gara. Basque country-a ez da Bizardunak taldea ala Mikel Laboraren abesti bat banjo batekin jotzea. Basque country-a I,m basque-tar Jaurlaritzak gure herriari izena emateko leloa da, Pais Vasco-Españatarrek Euskaltelen jarri nahi zutenarekin bat ez datorrena osotasunean. Hau da, normalean talde bati bultzada ekonomikoa emateko erabiltzen diren txorakeria horietako bat. Gure herri maite honetan, gainera, diru publikoa txorakeriatan gastatzeko ohituraz gain modu desorekatuan eta gatazkatsuan sortzeko gaitasun berezia dugu.
Zer nahi duzue esatea, ni erabat aurka nago erakunde publikoek kirol talde profesionaletan dirutza jar dezaten. Badituzte gauza hobeak dirua bertan jartzeko. Hori bai, propaganda doan eramateari are adar jotze handiagoa deritzot. Horretarako nahiago dut ezer ez eraman eta bazkideen izenak jartzea. Pentsatzen dut Eusko Jaurlaritzak Anoetan dirua jartzeko konpromisoa dagoela. Baina benetan errazena, taldeen arteko desorekarik eragingo ez lukeena, erakunde publikoa eta kirol talde profesionalen arteko morrontzarik ez egotea, ez dirutan ez mesedetan, ez ezertan ere.
Pasako zaizkigu une onak eta orain Realaren inguruan dabilen jende bat Realarekin ahaztuko da, eta taldearen benetako babesa geratuko da, gure diruz eta ahotsez egunero talde hau babesten dugunak. Sevillaren aurka berdindu ala Leverkusenen azken unean galduta ere, gogoan dugu hau aurreko denboraldiko pozen emaitza dela eta gozatu ederra hartu genuela. Eta ohituak gaudela Reala askoz okerrago ikusten.