Xabier Vazquez: 'Kudeatzea'
Xabier Vazquez; Realzalea
Lopetegik duela 2 aste egindako Futbologiak kopako trauma zuen hizpide. Hitz egokia, trauma. Urte luzeetako porrotek egonarria galtzera eraman gaituzte. Bestela, ezin ulertu Eusebiok Valladoliden aurka eginiko boutadeak jaso zuen txalo zaparrada.
Izan ere, ez zait normala iruditzen Valladoliden aurka, bi partidako kanporaketan, ia galako hamaikoa atera izana. Villa-realen kontra galako jokalariak atera izan ez balu moduko lelokeria. Badirudi koparekin «harrika bota-beti onenak atera» dikotomiaren artean aukeratu behar dela. Eta ez da hori. Bigarren mailako taldearen aurka jokatzea, norgehiagoka bikoitzera, abagune paregabea zen rotatzeko. Ez da 11 jokalari berri ateratzea, hori txarra da taldearentzat zein jokalarientzat. Nahikoa da ondo funtzionatzen duen taldean ohikoak ez direnak integratzea.
Eztabaida honen kontura, askok galdetu zuten ea jokalari profesionalak ez diren gai astean bi aldiz jokatzeko. Jakina badirela. Maila, ordea, ez da bera. Kontua ez da fisikoa soilik, jokalarien sasoi eta burua dira kudeatu beharrekoak. Jokatzen dutenena ez ezik, baita ohikoan jokatu gabekoena ere. Motibazioa, gosea, presioa…
Profesionalak omen. Bai, horregatik irabazten dute Champions jokalarien azpitik. Azken hauek gehiagotan jokatzen dutelako –edo again jokatu ez eta bat-batean maila emateko gai direlako– daude hor. Ligako partida askotan jokatzen dute –halere exigentzia ez da Realaren bera– eta Europako partida garrantzitsuenetan. Ez badira gai, ekinez ikasten dute, ala taldea uzten dute. Ez dezagun ahaztu Illarramendi hemen izatearen arrazoia Madrilen maila emateko gaitasun eza dela. Joko aldetik, soberan du han aritzeko, baina ez zen aritu.
Bi partida jokatzeko gai ez direla al diot? Gara daitezen eta partidu gehiagori aurre egiteko gai bihur daitezen ukatzen al dut? Inondik inora ere ez. Diodana zera da: kudea ditzagun jokalariak. Zurutuzak partida guztiak jokatzea bilatzea baino, saia gaitezen inoiz baino gehiago joka ditzan. Baita bera ez dagoenetarako alternatibak izaten ere. Eta kudea dezagun taldea helburu estrategikoen arabera.
Orain arte, ostera, Eusebiok ez du taldea kudeatzeko ahalegin bereziegirik egin. 11koarekin eman du, erasoko ordezko bat edo bi eta aurrera. Bejondeiola bere lanari, oso ondo ari da. Baina arlo horretan gabeziak dituela deritzot: ez dirudi oso gogoko duenik pertsonak gobernatzea. Onartu behar zaio abisatu zuela plantilla motzak nahiago zituela. Bereak eta bi esan zizkioten orduan, denboraldi hasieran ere dena gaizki egiten omen zuen. Orain, emaitza onek txistuak txalo bihurtu dituzte. Espero hala jarraitzea, albiste ona izango da. Zintzoagoa da, ordea, orain esatea egoki ikusten ez dena, eta taldeak behar duenerako gordetzea babes itsuak. auzo biziak eraiki ditzagun.