Xabier Vazquez: 'Martxoko idusak'
Xabier Vazquez; Realzalea.
K.a. 44. urtean Julio Zesar erail zuten martxoko idusetan. Igarle batek ohartarazia zion kontuz ibiltzeko. Bere zoritxarrerako, erromatarrak ez zuen aintzat hartu oharpena eta irribarretsu abiatu zen bere heriotzera.
Askoren ustearen aurka, Zesar ez zen Erromako enperadore izan. Bere oinordeko Augustok gozatu zuen Zesarrek pilaturiko boterea. Hau da, botere osoa lortu eta ia berehala akabatu zuten. Historiara pasatu arren, bizitza osoko ahaleginaren gauzapena martxoko idusetan alperrik galdu baitzuen.
Realak antzeko bidea darama. Duela hilabete batzuk nagusi zebilen. Edozein talde har zezakeen hankapean.Vini, vidi,vici. Halere, Zesarri gertatu moduan, batzuk harrotu egin ziren nagusitasun horrekin guztiarekin. Nahiz eta beti egon parte txarreko igarleren bat zorigaiztoa igartzeko prest, une gozoetan erraza da dena goraipatzea. Eta hala, gure eusebius egoskorrus «dena ondo badoa zertarako aldatu?» leloari lotu zitzaion.
Orain, martxoko idusetan, bueltak pairatzen ari gara. Kazetari bati irakurri diot, «Oyarzabal erreta dago, normala da jokalari bati hainbesteko ardura ematen zaionean». Bejondeiola. Bazuen, bada, hori esatea Realak etengabe 11ko bera errepikatzen zuenean, arerio, txapelketa, minutu eta egoerari batere erreparatu gabe. Jokalari batzuk ahituta ditugu, besteak sasoitik urruti.
Lesioak salbu, Realak praktikan 12 jokalari zituen partidarako. Canales 20 minuturako eta Granero urgentzietarako. Horiek kale eginez gero Sansera jo du. Tarteko jokalariek ez dute ezertarako tokirik eduki. Bi kanpora joan dira, besteak sasoitik kanpo. Bitxiena, Concharen kasua, apenas eduki du aukerarik nahiz eta Oyarzabal eta Velaren maila (kemena ezin uka) nahiko apaldu den.
Duela bi hilabete Anoetako auzokoak beldurra adierazi zidan. Reala Europara badoa eta Eusebiok horrela erretzen baditu ohikoak, kontuz mailari eusteko arazotan sartuko ez ote garen. Duela hiru aste lasaiago zegoela esan zidan. Ez omen zuen uste txuri-urdinak Europara joango direnik.
Eusebioren sistemak Reala handi baino handiago egin du, baina datorrenean taldea kudeatzeko gaitasun handiagoa erakutsi ezean denboraldiak zapore mingotsa utziko digu.Goikoen aurka uso, behekoekin otso dabil taldea. Anoetara etorriko direnak ehizatu beharko ditu Europara joango bada. Hala izango ahal da!