Xabier Vazquez: 'Korrika'
Aste honetan 20. Korrika pasa da hiritik. Albiste on bezain tristea da ikuspuntuaren arabera. Egiteke hainbeste urrats dagoen honetan, jendeak ekin eta ekin jarraitzeko duen gogoari erreparatu beharko diogu.
IRUTXULOKO HITZAko bideoetan ikusiko zenuten Antiguako Korrika Txikian neskatila eta mutikoak zunba dantzan jarri zituztela. Badago, bai, harrobirik Realaren talde guztiei begira! Komeni zaie txiki-txikitatik trebatzea korrikan, sasoi betean izan beharko dira lehen taldera iritsiko badira. Badakizue geure entrenatzailearen ustez (baita zale askorentzat ere) gure jokalariek urtean 50 partida mailarik onenean jokatzeko gauza behar dutela izan.
Umeek ez ezik, helduek ere egin zuten Korrika Antiguan. Realak Calderonen jokatzen zuen ordu berean; hala, idazten dizuen honek ez zuen ikusi txuri-urdinen norgehiagoka. Halere, ez nintzen ikustekoa, azken urteetan Realak Nou Campen eta Calderonen jokatzen dituen partidetan zalantza handiak izaten ditut ikusi ala ez, etsipen sentsazioarekin amaitu ohi baitut.
Antiguan baino lehen, Erdialdetik pasa zen Korrika eta Realak ere eraman zuen bere lekukoa. Ez dakit mutilen lehen taldeko ordezkaririk izan ote zen, promozioan behintzat Markel azaltzen zen. Ez dut ikusi ez Calderoneko hamaikakoan ez ordezkoen aulkian; beraz, baliteke Korrikan parte hartu izana. Dena dela, lekukoari eustea da, antza, euskarriari lehen taldean geratzen zaion funtzio bakarra.
Ikusi beharko da kluba gai den soberan zaizkion jokalariei nora jo aurkitzeko, baina Eusebioren nahia behintzat garbia dirudi; hainbat jokalari ez ditu taldean behar ala nahi. Pentsatzekoa da bere konfiantzako jokalariak nahi izango dituela, auskalo, baina, agian nahiago izango du istilurik sortuko ez dion gaztetxo taldea izatea eskura 11ko zurrun baten ordezko izateko. Baina nabarmena da jokalari batzuek ez dutela tokitik berarekin.
Lehentxeago esan dut Realak Camp Noun jokatu duen azkenekotan zalantza izan dudala ikusteko. Aurten litekeena da bertatik bertara ikustea, turistaz jositako zelai horretan. 73 euro ordaintzea broma handiegia iruditzen zait, hala ere; posible da, beraz, kanpoan geratzea. Sartuko banintz, tratua proposatuko nieke jokalarie. Ez diet askorik eskatuko, gutxirekin konformatuko naiz. Korrika egin dezatela, gu guztion alde. Trukean, emaitza dena delakoa ere, txalo zaparrada izango dute. Irabazi eta ur-aspersoreak pizten badizkigute, txaloez gain txanpan zaparrada neure esku.