Xabier Vazquez: 'Gagarin'
Xabier Vazquez, Realzalea
Izen euskalduna irudi arren, Gagarin espazioratu zen lehen gizaki kosmonautaren abizena da. Bera baino lehenago Laika txakurra bidali zen espaziora hilkutxa distiratsuan. 1961ean Gagarinek Elkanok eta bere kideek egin zutenaren antzekoa egin zuen: munduari bira eman.
Horretarako, baina, Vostok espaziontziak Victoria ontziak baino zertxobait gutxiago behar izan zuen. 108 bat minutu erabili zituen mundu-biran, eta akatsen bat medio ez zuen espero bezala Volgogrado (garaian Stalingrado) inguruetan lur hartu baizik eta ehundaka kilometro batzuk haratago.
Volgogrado horretatik 600 bat kilometrora dago Donetsk. Espazioan hain urruti joan gabe eta Gagarinek baino denbora luzeagoan iritsi daiteke hegazkinez hara. Batzuon kasuan rock taldeen gira baten antzeko ibilbidea eginda: Donostia-Bartzelona-Milan-Kiev-Donetsk. Duela urte batzuk Reala ikustera joateko Valentzia urruti dagoela esan nuela pentsatzea ere!
Sobietar agintzarien esanetan Gagarinek han goian ez zuela Jainkorik ikusi bota zuen; ez dago baina horren probarik. Esan izanaren probarik diot, noski. Grabatuta daudenean artean munduko biztanleoi munduko edertasuna deuseztu beharrean gordetzera egindako deia dago. Badu paradoxa ikutu bat, izan ere programa militarrak izan ziren Gagarin eta Armstrong bezalakoak espazioratzea ahalbideratu zutenak. Hots, mundua deuzestatzear izan zirenak hain zuzen.
Hobe genuke munduko harrokeria eta lehia-grina guztiak futbola bezalako memelokerietan gauzatzea, gero benetan axola duten kontuetan elkarri bakea emateko. Hala Realak asteazkenean Donetsken duen partida irabazita besteak garaitzeko eta eurak baino gehiago garela aldarrikatzeko eskatzen digun ahots barbaro hori asetuko genuke. Irabazten badugu, noski.
Ez dakit hegazkinetik kirolaren jainkorik ikusiko ote den, baina ikusiko banu zera eskatuko nioke: ez izorratu Realaren europar abenturaren edertasuna oraindik. Baina horretarako jainko hori azaldu egin beharko zait. Ziur dut, ordea, igandean bidaiari ekiten diodanean Gagarinek esan zuen “Goazen” hori errepikatuko dudala: Poyejali!