
Seme-alabarik gabe ere, beti dugu guraso izatea erabaki(?) dutenen gorabeheren berri. Saltogela, eskola-kirola… kalaka ederra ematen dute umetxo/nerabeen harira. Halere inoiz badute pulamentuzko gairik, esaterako, hauxe: etxean euskaraz arituta ere, atea danba itxi bezain laster seme-alabek erdarara jotzen dute.
Hor zaude? Ez duzu ihes egin? Bejondeizula! Aldez aurretik abisatu behar nuen hau ez dela euskara aldarrikatzeko zutabe bat gehiago. Espainiarrek gerra zibilari buruzko eleberriak legez, geuk euskararen egoera dugu gai kuttun. Akaso horregatik ez dugu konpontzen, zeri buruz hitz egin euskara inoiz salbatuz gero?
Beraz, euskaldunkume askok ez omen diote elkarri euskaraz egiten. Zaharrak berri! Paradoxikoki, arrazoietako bat euskararen beraren hedapena izan da. Hezkuntza bide, etxetik erdal joera dakarten haurrak euskara ulertzen gaitu dira. Ordurako, ordea, askoren arteko komunikazioa erdaratu egin da.
Hala, Donostiako hainbat txikik etxe/eskola/lan hizkuntzat besterik ez dute euskara. Ikastolarik jator eta
cool-enera eramanda ere. Kale osoa da arazo, baina eskolan hasten da. Hala, etsipenak jotako guraso batek baino gehiagok pentsatu du izan du etxean euskaraz aritzen diren umeak elkartzeko premian.
Jakina, geure kontzientzia progreak laster egiten dio izkin ideia horri. Umeak ghettotzea ez dugu onartzen… eta ohartzen gara besteek ez dutela onartuko. Halaxe azaldu zigun behin aita erdaldun batek, elkarrizketa batean aurrekoa azaldutakoan: “Eso seria discriminar a los hijos de no euskaldunes”.
Aipatu ditudan guraso euskaldunek eskola publikora bidaltzen dituzte seme-alabak. Gaztelera eskolan ikasi dute. Patioan batez ere. Aita erdaldunak, aldiz, bereak ikastolara bidali ditu, “Para que aprendan bien euskera”. Inoiz bota du, “En la publica con tanta gente de fuera no aprenderian bien”.
Hau da, euskaldun hiztunak elkartzea diskriminatzailea duen artean, bertakoak “kanpotarrengandik” bereiztea balekoa omen zaio. Norberak ezberdin antzematen ditu ghettoen mugak. Mapa batean muga batzuk naturalak eta beste batzuk “bereizletzat” dituztenek bezala.