Xabier Vazquez: '(Zuri)gorriak ikusi'
Eguberriak gertu, oporrei buruz idaztekoa nintzen. Hala esan nion lankide dudan neure coach-ari. Baina astebukaeran ikusitakoak gai tristeagoa ekarrarazi dit.
Larunbatean Bilbora joan nintzen, derbyra. Igandean BECera joandakoak bezain bertsozale cool-tuak izan gabe ere, San Mamesen bazen jende prestua: kazetari-idazle saritua, udaleko zinegotzia, txiostar kulturzalea… Baita hiriko goi-mailako taldeko kirolaria ere.
Lehiak aurrera egin ahala animoek gora egin zuten, eta aipatu kirolaria ez zen atzean geratu. Une ez hain gozoa, ordea, arerioekin iritsi zen, bereziki Iñaki Williamsekin. Aurrelari zurigorria zelairatzean, kirolari donostiarrak zera esan zuen: “hau [jarri hemen Gipuzkoako herri koskor baten izena]-koa izango da”. Hau da, zalantzan jarri zuen Iñaki izeneko, Bilbon jaiotako eta Iruñean hezitako gaztearen euskotartasuna. Lehen unean berotasunari egotzi nion. Tamalez, oihua errepikatu egin zen. Badira Athleticen euskotarrak ez diren jokalariak, euren ustezko filosofia ezbaian jartzen dutenak. Horretarako Iñaki Williams erabili zuen. Euskal Herrian jaioa eta bizia. Beltza azalez.
Kirolariak, Williamsek eta hirurok izen “euskalduna” eta lehen abizena “ez oso jatorri euskaldunekoa” dugu. Williamsek bi gurasoak ditu kanpotik etorriak, baina ez dut uste koska hor dagoenik. Aita-ama Prieto eta Fernandez extremadurar zuriak izanik, komentarioa ezberdina izango zatekeelakoan nago.
Behin, PPko batek kanpotarrek Donostiako ohituretara egokitu behar zutela esan zidan. Bere familia ere kanpotik etorria zela erantzun nion, eta berak ez zuela euskara ikasteko ahalegina ere egin. Ez omen zen gauza bera.
Euskaldunok gizalege hutsez saihestu beharko genituzke arraza bereizketak. Horregatik ez ezik, geure egoeragatik ere badugu berebiziko ardura. Gure herrira datozenak gurera ere erakartzea erronka da. Ezin dugu geure hizkuntza eta kultura odol garbiko parfait batzuentzat gorde. Aitzitik, irekia zaiela adierazi behar dugu, nahikoa lan dugu-eta hemen bizita geure kulturara etor daitezen.
Beste hizkuntza batzuetan akaso badute, zoritxarrez, kanpotarrak desdeinuz artatzeko nahikoa nagusitasun. Geuk gorriak ikusiko ditugu, beste hizkuntza batzuetan bezala “beltz” hitzari zentzu negatiboa ematen badiogu. Kamiseta zurigorria eraman arren.