Xabier Vazquez: 'Hornby'
Xabier Vazquez, Realzalea
Ez dute asko behar batzuek jaia egiteko. Egutegiak abendutik urtarrilera jauzi egitea, Realak Barcelonari Anoetan irabaztea… zer ote du ospatzeko urtero naturalki errepikatzen denak?
Barçaren aurkako enegarren garaipena Nick Hornby idazle britaniarraren liburu bat –gazteleraz, Fiebre en las gradas– irakurtzen ari naizela iritsi da.
Bertan Hornbyk, realzale epel eta urrutiko moduan utziko nindukeen literatur kritikari eta idazleak, Arsenalekiko izan duen obsesioa kontatzen du.
Hornby Londres inguruko herri batekoa zen. 14 urte zituela etxetik gertuen zuen taldearen etxera, Readingera, joan zen Arsenal ikustera. Hornbyk Londres barrutiko umeen janzkera eta hizkera imitatu zituenez; inguruko readingzaleek ez zioten amaiera arte igarri Arsenaleko mukizu hori euren herri ondoko klase ertaineko mutikoa zela, eta ez Highbury ingurukoa. Zegokiona esan zioten, local teama animatzeko, ez Arsenal.
Baina ez pentsa Hornbyren kasua egun Gipuzkoan Barçazale diren kastagutxiko horiena zenik. Ez zen Arsenalekoa egin irabazten zuelako, are gutxiago jogo bonitoa zela eta. Garaiko Arsenal talde garrantzitsua zen, baina ikusteko itsusia eta irabazi nahi bai, baina aukerarik ez zuena.
Hornby kasualitatez egin zen arsenalzale: banandu berria zen aitak larunbata pasa futbolera eramatea proposatu zion, umeari berebiziko ilusiorik egin ez arren. Patuak aukeratu zuen larunbat hartan Highburyra joan izana.
Horretatik aurrera Hornbyk apenas galdu zuen Arsenalen partida bat. Bere aitaren kalte, honek gogoko baitzuen Chelsearen joko bizi eta ederra. Baina lehen partida hartako giroak bilakatu zuen 13 urteko Hornby arsenalzale. Milaka helduk beste inon erakusten ez duten jarrera gertutik ikusteak.
Liburua 1992koa da, Premierra aldatzen ari zen. Zorionez bortxakeriarekin bukatu zen, baina futbolak beste aldaketa batzuk bilatzen zituen. Sarreren salneurriak igo, telebista,… Orduan Hornbyk uste zuen horrek futbolarekin amai zezakeela. Ez zuen asmatu, noski, baina erabateko kalerik ere ez zuen egin. Izan ere, egungo futbola bi elementuren sintesia da.
Futbolak beste edozein ikuskizuni aurre hartuko badio, zaleen grinari ere eutsi behar dio. Bestela jai du. Barçak Anoetan jai izan zuen bezala.
Elementu zahar eta berrien arteko sintesi horretan batzuei zaletasuna Championseko partida telebistan ikusita pizten zaie. Beste batzuoi Atotxan izan gineneko lehen aldian.