Xabier Vazquez: 'Idoloak'
Xabier Vazquez, Realzalea
Zutabekide onak izatea zer den. Jon Odriozolak eta Xabi Etxanizek iragarri ziguten nondik nora joango zen Anoetako azken neurketa. Halere, dagoeneko ez da albiste blaugranak Anoetatik buru makur itzultzea, eta hala bedi luzerako.
Galtzeko ohiturarik ez eta Barçako tenikari eta jokalariek euren valors guztiak agerian utzi zituzten, batzuk zelaian bertatik bertara ikusi genituen, beste batzuez geroago jabetu gara. Ezinezko baita mundu mailako zirko honetan garaipenek eta tituluek puztutako jokalariek umiltasun handiz jokatzea.
Milioika begi zelatan edukita, dagozkien aho esatari eta aho txio idazlerekin, ezinezkoa da inor ez harrotzea. Mirestu eta ia jainkotu egiten ditugun arren, hezur-haragizko gizonak (maskulinoaz ari bainaiz) dira, nerabeak ala gaztetxoak ez direnean.
Gizonak, eta ez dohain onenak loratzeko baldintzarik egokienetan. Dela sekulako harrokeria izatea, dela irabazten ala galtzen ez jakitea ala dela edozein istilu txarretan sartzea edota iruzur fiskalean aritzea, futbolarien tatxak besteenon antzekoak dira, tatxa horiek mamitzeko giro aproposagoan baina. Gainera babes/exposizio publiko oreka oso zail batean bizi dira, batzuetan edozer gauza egin dezakete ezer gertatu gabe; besteetan, ordea, edozein txikikeriak sekulako oihartzuna du. Erotzeko modukoa.
Halere, Barçako jokalariekin hasi arren, besteei ere aplika dakieke. Larunbatean Realeko jokalari batekin gertatu zena argi dadin biziki gustatuko litzaidake.
Baliteke agian Realeko jokalaria izateagatik oihartzun gehiegi izan duen kontua izatea, komunikabideek eta sare sozialek puztu dutena. Baina benetan gertaera larria izan bada, nik uste Realak neurri gogorra hartu beharko lukeela.
Bada esaten duenik pertsona hauei baloi bat jotzeagatik ordaintzen zaiela eta horren arabera tratatu behar direla. Baina Realak gizarte honen eta herrialde honen ikur izan nahi badu, denetarako behar du izan. Idoloei gauza batzuk barkatzen zaizkie, Anoetan larunbatean ikusi genuen bezalaxe; beste batzuk ez dira golez garbitzen.