Xabier Vazquez, Realzalea
Premierreko liderrak astebukaera honetan bigarrenaren etxean azken momentuan galdu egin badu ere, oraindik lehen postuari eusten dio bere ondorengo bi taldeekiko 2 puntuko aldearekin. 0-1 irabazten zihoala jokalari bat galdu zuen 8 minutuan, bi txartel ikusi zituenez, eta bere jokalari sasoikoena kendu behar izan zuen. Gerora, Arsenalek berdindu eta partidaren azken hondarretan irabazi egin zuen. Ondorioz, Ligako hiru lehen taldeak nahiko parekaturik geratu dira.
Azken boladan, Premierreko lider hori Realarekin alderatu izan dute kazetari ugarik, batez ere La Ligaren berri ematen duten kazetari britainiarrek. Izan ere, lider hori ez da ez Man. United, ez Man. City, ez Chelsea (azken urteetako irabazleak), ez Arsenal, ez Liverpool ezta Liga irabazteko nahiko gertu dagoen ezusteko Tottenham bera ere. Ez, talde hori Leicester City FCa da, Leister ahoskatua. Fox-ak (azeriak) 2014a Bigarren Mailan hasi zuen talde bat dago munduko ligarik onenetako baten lehen postuan. Eta minutu askoan zehar Liga nahiko eskuan izateko aukeran izan da astebukaera honetan.
Laister jakingo dugu (bai, txistea egin beharrekoa zen) talde honek balentria egitea lortzen duen. Ez dut bereziki atsegin talde hau, baina beti ederra da halako talde batek ezustea emateko aukera izatea. Egia da Ingalaterrako Premierra La Liga baino txapelketa orekatuagoa dela, ez baitago babalore eta mafiosoek zuzendua. Ez dio, halere, inolako meriturik kentzen Leicesterri.
Ederra izan zen XXI. mendeko gure lehen txapelketa irabaztekotan izan gineneko urte hura. Pentsatu nahi dut betirako markatu zuela belaunaldi baten bihotza kolore txuri urdinetan. Nireak ez zuen bizi izan zuzenean, baina bai jaso dugu 80ko hamarkadako aztarna. Ondorengoek bigarren postua eta laugarren postua dituzte, Lehen Mailarako igotzearekin batera, momentu gozoenen zerrenda, besteak ez baitira bereziki politak izan.
Aurtengoak ere sufritzeko urtea zirudien, baina Futbologia ziklo oso bat irabazten emateari esker (3tik 3) agian urte lasaiagoa izango dugu, baina Europara begiratzeko moduan egongo ote garen edo hamargarren postuko egonarrian ibiliko garen laster ikusiko dugu. Bitartean, Leicesterrek Liga bat izango du jokoan, eta nire babesa dute. Baina daitort berekoi samarra naizela, eta oraindik askoz gehiago axola zait Realaren partida bat, Leicesterren etorkizuna baino.