Xabier Vazquez: 'Prezio duina'
Pentsa lantegi ondoko jatetxera joan ohi zarela bazkaltzera. Etengabe esan diozu jabeari hobetu beharra duela. Ondoko jatetxeetan urrutiko jaki exotikoak omen daude, plater osatuago eta zilarrezko kuberteria apain-apainean. Hainbestetan esan diozu, non zure hitzak aintzat hartu eta hobetzeari ekin dion. Mingainak auskalo, poltsikoak behintzat ziur nabarituko du fakturan.
Hori gertatzen zaigu zenbait arlotan. Azken atala Realak “Anoeta Barrirako” jarritako salneurrietan dugu. Luze eztabaida genezake aferaz; halere, gauza batek piztu dit arreta. Hainbat zalek sarrera eta abonoetarako prezio duinak eskatu dituzte. Zeharo bat nator iritzi horrekin. Futbol sarrera eta abonoen bilakaerak ez du ez buru ez hankarik, erabat lotsagarria da.
Azken hamarkadetan (gizonen goi mailako) futbol profesionalak negoziorako joera etengabea izan du. “Profesionalek” ateratzen diote horri etekin. Apenas da urterik non klub bakoitzak ez dituen 3 bat fitxaketa gutxienez egiten. Erritmo horretan 3-4 urtean behin 11ko osoa aldatu beharko lukete. Ez da horrela, ordea, fitxaketen erdiek edo ez baitute arraskastarik. Ondo egokituz gero, 2 gol sartu bezain pronto ate joka ari da jokalaria igoera eske. Emaitzik eman ezean, kontratua bukatu arte soldata kobratu edo beste inora joaten dira. Zenbat eta mugimendu gehiago, orduan eta poz handiagoa bitartekarientzat.
Jokalariek dute 31 eskutik eta negozioa puztu eta puztu ari da, zaleon kaltetan. Halere, geure teilatuari harrika ari gatzaizkio, itotzen gaituen gurpil eroa zaleok gerok hauspotzen dugu eta. Gu geu gara fitxaketa eta mugimenduak exijitzen ditugunak. Beste batek ordainduko balitu bezala.
Azken aldian, abonatuok kluben aurrekontuan dugun pisu txikia argudiatu da. Bejondeigula! Festa hau geuk ordaintzen ez dugula esatea, horrek geure eskubidea indartuko duelakoan. Hasierako adibidera itzulita, jatetxeko faktura ekartzean, honakoa aldarrikatzen dugu: “aizu, ez neuri gehiago kobratu, bazkariaren zati handiena ondokoak ordaintzen du”. Halere, ordaintzen duenak ordua eta menua erabakitzean asaldatu egiten gara. “Against modern gastronomy” gaudela diogu, jatetxe kuttunetik bota nahi gaituztela.
Halakoak aipatzean, batek baino gehiagok luzatu dit galdera: “Orduan, Xabi, zuk zer nahi duzu? Gehiago ordaindu?” Ezta inondik ere. Kontua ez da negozio ero honi diru gehiago ematea. Aitzitik, futbolaren burbuila baretu egin behar dugu. “Dugu” zaleok ardura handia baitugu. Jokalariek milioika euro kobratu bitartean, ez da prezio duinik izango futbolean; denek emango dugu asko gutxi batzuek dena izan dezaten. Eredu hori kritikatzea da modern football-aren aurka aritzea; ez urtero 6-7 fitxaketa eskatu eta gero beste inork festa ordaintzeko eskatzea.