Xabier Vazquez: 'Skopjeta'
Oraingoa Skopjeko autobusetik doa. Ezin esan bidaia kulturala zenik, Reala da hemen izateko aitzakia. Halere, futbolak ere ondo azaltzen du Mazedoniako hiriburuan dagoen banaketa etniko-nazional-erlijiosoa. Gatazkak denari eragiten dio, baita garapen urbanistikoari eta seinaletikari ere.
Skopjeko autobusak askotarikoak dira: bi pisukoak, aurreko mendekoak… Ez dira ez erosoak, gehienak egoera kaskarrean daude. Halere, arazo nagusia beste ibilgailuen antzera trafikoa jasatea da. Taxiak eta busak dira hiri barruko garraio publiko bakarra eta ez dute bide berezirik edo abantailarik.
Beste hiriekin lotzeko trenbide eta bus geltoki intermodala dago, hiriaren ertz batean –hor abantaila digute–. Igeldoren moduko mendi antzeko bat dago non 2002an eslabiar-kristauek munduko gurutze handienetakoa eraiki zuten. Bertara teleferikoz igotzen da. Gascok galtzak bete lan izango lituzke teleferiko horretatik abiatuta metroa, AHTa eta horrelakoak eraikitzen.
Hori egiten saiatu dira azken urteotan Skopjen. Ikaragarrizko dirutza gastatu dute erdiguneko muin nanoa eraikin sasiklasiko eta estatuaz josten. Mazedoniar gehiengoko kide askoren irrika da bere burua Europan – «Mendebaldean», orohar– kokatzea. Horregatik Vodnoko gurutzea. Eta futbola. Bertako biztanleek eskubaloia gogokoago badute ere badakite Europako kirolean bide egiteko oinak eskuak baino gehiago balio duela. Horregatik berreraiki zuten UEFAn erdi hutsik geratzen den Filipo II futbol zelaia. Ligan ia erabat hutsik egon ohi da.
Azpiegiturak beharrezkoak dira garapenerako, ondo kudeatzen badira. Baina Mazedoniako kristauek hain begiko duten gizartera gerturatzeko dirua beste ere beharko dute. Hiri gizatiarragoa lortzeko bidean, adibidez, galtzada nagusietan bizikletaz joateko ausardia behar da. Hiri erdigunetik apur bat aldenduz gero, oinezkoek maiz ibili behar dute galtzadatik, espaloiak autoz beteta baitaude.
Kale estuko taberna batera galtzadatik joan ginen oinez. Espaloiak beterik zirenez auto batzuk galtzadaren ertzean aparkatu zuten. Orduan azaldu ziren lehen aldiz garabia eta udal polizia. Auto zirkulazioa oztopatzen zuten ibilgailuak eraman zituzten eta bere horretan utzi espaloia inbaditu zutenak.
Ikasgai hauek europarzentrismotik lezioak emateko baino gehiago, geure buruari aplikatzeko modukoak dira. Garapenaren – on ala txar- gakoa azpiegituretan ez ezik geure eguneroko ekintzetan datza, horretarako jartzen ditugun arauetan. Urte gutxian geure kaleen irudia arras aldatu da; onerako, txarrerako edota bietarako. Aldaketa horren oinarri bakarra ez da eraiki duguna, baita geure jarduteko, mugitzeko, aldarrikatzeko… modu aldaketa ere.
Mazedoniako presidenteari karrilbusak eta bidegorriak gomendatuko nizkioke baina ez dut autobusean topo egin. Ziurrenik ondoan izango duen kopeta handiko eraikuntza gizonak, berriz, hiri azpiko metroa eskatuko dio. Futbol estadioa goitik behera handitzea proposatu zuena ez da urruti ibiliko. Skopjen ere skopjeta handiko jendea baitago, jeta galantak hain zuzen.