Xabier Vazquez: 'Urdingorriak'
Xabier Vazquez, realzalea.
Urdingorri mota asko ditugu Gipuzkoan. Batzuek Eibarren koloreak daramatzate. Zaleen artean denetarik egongo da, jakina. Oro har, halere, Eibar eta ingurukoak herriko taldeari fidel atxiki dakizkion gauza errespetagarria da. Beste gipuzkoar batzuk, ordea, barçazaleak dira. Hor ere, bistan da, denetarik izango den arren, salbuespenak salbuespen, aitzakiak aitzakia, nahiko tristea da bertakoa izatea eta zure lehen taldea Barça izatea Bartzelonarekiko loturarik ezean.
Onartu beharra dago realzaleoi ez digula ilusio handiegirik egiten gure esparruan bertan Eibar lehiakide izatea. 2. mailan sinpatiko (ala ez) izan zekigukeen herri talde hori geure mailan dugu orain eta partidak irabazten dizkigu Ipuruan. Edo, aste honetan moduan, azken unean bi puntu kentzen dizkigu Anoetan.
Onartzen dut, bai, realzale askori dagoeneko ez digutela grazia handiegirik egiten, eta begi okerrez hartzen ditugula gure erkide diren horiek. Normala da. Euretako askok ere oilartutako txikiaren bekaizkeriaz hartzen gaituzte. Funtsean, taldeak elkarren lehiakide gara, eta adeitasunez ala txarrera, konpetentzia zuzenaren onurak kalte egiten dizu maiz. Eta interes soiletik aztertuta, Eibarri eta Realari, biei ala biei, gehiago komeniko litzaieke Lehen Mailako erreferentzia gipuzkoar bakarra izatea.
Denarekin, nik uste Eibarri begirunea zor zaiola. Merezita atera zuen berdinketa Anoetan. Joko gogorra erabili zuen batzuetan, baina zikinegi aritu barik. Pedro Leon tontoa baino tontoagoa da, etxe guztietan daude halakoak. Enrich eta Lunaz hitz egitean, gogoan izan dezagun gure Pardok babesa eman diola indarkeria matxista salaketapean epaituko duten Castrori.
Eibarrek bigarren gola sartutakoan, beste blaugrana batek Twiterren biziki ospatu zuen. Joan Poqui Mundo Deportivo komunikabide katalaneko kazetaria da. Azken urtean Realarekin tematuta dabil. Gorrotoak gorroto, beti iritzi diot nahiko triste beste baten kaltea publikoki ospatzeari, zure mesederako ez bada, jakina. Sailkapenean gertu den arerioa edo positiboa da barçazale zenbaitek beta izatea Realari gertatzen zaionari kasu egiteko. Beti ez dadila alderantziz izan.
Arnaldo Otegiren esanetan kanpaina bat dago Reala eta Barçaren arteko ezin ikusia sustatzeko. Poqui hau sar dezala barruan. Eta baita neu ere. Barça lehiakide gogorra zaigu txuri-urdinei gipuzkoar askoren bihotzean. Beraz, esan moduan, Barçak galtzea hobe zaio Realari. Halere, neure taldeak nahiko asetzen nau besteren kalteari arreta handirik jartzeko. Realak nahikoa izaera du zale guztiak Barçaren aldeko edo kontrako jarrera batekin lot gaitzatzen. Batzuek sinpatia izango diote, besteok ez. Bakoitzak ikusiko du zein arrazoirengatik.
Nire iritziz, bi talde saiatu dira euren neurriko liga bidegabe bat eraikitzen, talde txikiago ororen gainetik, arreta eta diru guztia euren aldera bideratuta. Eta zapaltzaileak beti dira zapaltzaile, katalan ala madrildar izanda ere. Errespetu futbolistikoa diet herrialdeari herrikoa lehenesten dioten urdingorriei. Irabazte hutsagatik blaugrana direnei, gehienetan, ez.