Xabier Vazquez: 'Zero'
Futbologo berria dugu. Izena behintzat ona du: Xabier. Eta berma dezaket ikasketak ere onak dituela. Horren adierazle bere aurreko Futbologia, Light izenekoa. Ikasketa onak edukita, eta ingeleran jantzia izanik, light hitza erabili zuen. Ez nahastu, light hitzak esanahi ugari ditu. Argia ere esan nahi du ingeleraz, baina Realak argi gutxi du azkenaldian: Rulli izeneko itsasargi bat eta Pardoren itxaropen printz batzuk.
Kasu honetan light hitzak unimportant, trivial, having little value or significance, easily assimilated; not rich or heavily seasoned, of low weight; not heavy edota low in fat, calories, alcohol, salt, etc esan nahi zuen.
Euskaraz zer esan nahi duten jakiteko Almeriako futbol kazetari batzuei galdetu diet, baina ez didate laguntza handiegirik eman nahi izan. Gaizka Garitanok lagundu behar izan dit; kazetaritzan lizentziatua, eleanitza eta pertsona prestua da bera.
Antza kasu honetan light hori arin hitzarekin itzuli genezake. Arina, hutsala, funtsgabea… Noski, ez dezagun uler arina, bizkor moduan. Ikuspuntu horretatik Realaren jokoa geldoa eta motela baita. Very slow.
Jakinduria ez ezik, edukazio ona ere erakutsi zuen Lopetegik light hori aukeratzekoan. Larunbatean Anoetara gerturatu ginenoi galdetuz gero, hitz lodiagoak topatuko genituzke.
Niri zero hitza etorri zitzaidan burura. Emaitza ez ezik, Reala bera ere definitzen zuelako. Lehen zatiko Reala ez zen freskagarri light bat izan, low in calories. Baizik eta erabateko edari zeroa izan zen. Azukrerik ez, kafeinarik ez, alkoholik ez…. zaporerik ere ez! Jatorrizko ura bezala, zapore eta kolorerik gabekoa izan zen.
Denboraldia noiz bukatuko zain gaude, ametsa zirudien Liga amaiera lasai eta aspergarri bat izatea. Baina amaiera aspergarria amesteak ez zuen Anoetan erdi lo geratzea esan nahi. Sueño hitzaren beste esanahia nahi genuen.
Oharra: Futbologia hau astelehenean idatzia da. Ez naiz ausartu derbi ostean idazten. Ikusiko ondo ala gaizki egin dudan.