Xabier Vazquez: 'Zeruak eta sasiak'
Xabier Vazquez, Realzalea
Beste behin ere Xabier Etxaniz futbologoa oker dago. Idazle handia da, horrekin ezbairik ez, baina futbolaz ezer gutxi daki. Aurreko bere futbologian Reala eta realzaleak business classera egokitzen ez dakiten gizajotzat jantzi gintuen. Eta errealitatea erabat aurkakoa da.
Gertatu ohi da talde bati pittin bat falta izatea goikoenen pare egoteko baina azpikoak mendean hartzeko aise ibiltzea. Ordea, Reala justu kontrakoa da. Iaz 7 taldek lortu genuen Europarako txartela (nahiz Realaren bidaia nahiko goiz bukatu zen Errusiako jet laga pairatuta). Bada, Vila-real etorri faltan, talde horietatik Athleticek soilik lortu du Anoetan puntuatzea. Oilar samar etorri zitzaigun Valentziak ere ozta-ozta lortu zuen berdinketa bat.
Realaren arazoa ez da business blassean arrotz sentitzea. Justu aurkakoa, business classera ohitu denetik, hala moduzko taldeekin lehiatu behar duenean, low-costean, orduantxe galtzen du bere egonarria. Eta, noski, hori Ligako arduradunek badakite. Eta horregatik josi dute Lehen Maila sasi-taldez.
Iazko denboraldia ikusita, batzuetatik bestetara zegoen jauzia ikusita, bistan zegoen egin beharrekoa. Iazko lehen hamarrak hartu eta ligaxka bat sortu. Egutegia gehiegi puztu gabe, Europan lasai ibilita (ez, Errusia ez dugu Europatzat hartzen, are gutxiago Krasnodar)… eta hortxe ibiliko ginen poz-pozik Anoetan garaipenak pilatzen.
Baina ez, izorratu egin behar gintuzten eta berriz 20 taldeko Lehen Mailari eutsi. Almeria, Getafe, Malaga…. zer talde dira horiek! Ekar itzazue hona gure benetako mailako taldeak, Madril bat, Barça bat, Atletico bat, Sevilla, Valentzia, Athletic… Eibar bera gertuko talde gehiago edukitzeko! Edota, kolore apur bat emateko ekarri Elx bat. Baina ez Almeria ala Getaferik, otoi!
Zeru guztien gainetik eta sasi guztien azpitik dagoen toki misteriotsua da Anoeta. Gure bussiness classetik zerua ikusten dugu Barça edo Madrili irabazita eta bat-batean hegazkinetik erori eta Getafeko sasiei loturik aurkitzen dugu geure burua. Izan ere, gure jokalariak handiei irabazteko onegiak baina txikiei irabazteko txarregiak dira. Baina, ba al da txikien artean banatzeko aberatsei lapurtzea baino jardun eskuzabalagorik?