'Zaborra jangai'
Telebistatik eta atzerritik datozkigun irudiek gure gizarteko elikaduran zenbaterako mina egiten ari diren salatzeko letra batzuk bota nahiko nituzke oraingoan.
Donostiarra izanik, maiz ibiltzen naiz Donostiako Parte Zaharretik, eta bada denbora orain botako ditudan hitz hauek faltan botatzen ditudala gure eguneroko hausnarketetan. Erreferentziazkoak dira gure hirian ondo jan eta edateko taberna eta jatetxeak, goi mailakoak. Hala ere, hiriaren higiezinekiko interesen kapritxoei zor, alde zaharreko kokapen pribilegiatu batean, Bretxako merkatuan konkretuki, atzerritar enpresa multinazional bat daukagu. Honen izena aipatzeak ez du merezi, denok baitakigu zeini buruz ari naizen.
Prezio merkeak, hori beti, kalitatea ordea zabor-jan izendatzeko modukoa zalantzarik gabe. Uler dezaket, kultura gastronomikorik ez duten lurraldeetan horrelako jantokiak gustukoak izatea, merke eta azkar gose eta egarria asetzeko aproposak izanik, gozagarri nahikoa produktu eta zerbitzu horiekin izatea. Hau ez da nire kasua.
Donostiako alde zaharrean dozenaka taberna eta jatetxe dauzkagu, mundu mailako ospea daukatenak zerbitzatutako plateretan eta emandako zerbitzuan. Egiari zor, prezioa izan liteke aitzakia nagusia kalitate gutxiagoko jakiak dastatzeko, baina ez dakit aurreztutako sosa horiek ez dituen epe luzeagora ondorio mingarriak pairatu araziko kontsumitzaileen osasunari. Esan nahi dudana da, bihotza uzkurtzen zaidala egunerokoan aipatutako jatetxe paretik igarotzean ehunka gazte lurrean eserita ikustea zabor jaki horien bidez elikatzen, munduan hobekien jan daitekeen jantokiak horren gertu izanda. Zer esango lukete gure arbasoek hau ikusiko balute.
Kasuistika oso zabala izan daiteke kasu azterketa bat egingo bagenu; zein adin duten kontsumitzaileak, zein jatorrikoak diren, zein maiztasunez bazkaldu, afaldu, ala orduz kanpo jaten duten bertan, eta beste hainbat. Ez dut horretan sartzeko asmorik, azkenean denok bizi baikara hiri berean eta beraz guztiona da kokapen geografiko konkretu hori eta baita kultura gastronomikoaren zati txiki hori ere bai. Orain dela urte gutxi arte, Donostiako erdialdea horrelako enpresa erraldoiek dakarten guzti hortaz salbu zegoela pentsatzen nuen, eta iazkoan pare parean konpetentzia jarri diote aipatutako jantokiari. Zer izango da hurrengoa? Badirudi kafe urtsu eta zapore gutxikoa izango dugula Donostiarrok eskuragarri erdialdean bertan. Hasperen.