Zahar etxeetako kudeaketa aldatzeko beharra
Ekainaren 8tik, hiru hilabeteren ondoren, zahar etxeetako ateak zabalik daude, senideen bisitetarako. Unea iritsi artean, sentipen nahasi ugari izan ditugu, bai egoiliarrek eta bai haien etxekoek. Batetik, elkar ikusteko irrika, eta, bestetik, beldurra eta zalantza: nola topatuko ditugun, ezagutuko ote gaituzten. Elkar ukitzeko, besarkatzeko, musu emateko eta eskutik heltzeko premia genuen, baina ezin, distantzia fisikoa mantendu behar baikenuen.
Denbora honetan guztian, egoitzak itxita egon diren bitartean, era guztietako sentimenduak izan ditugu: kezka, egonezina, herstura, larritasuna, eta abar. Gure senideak nola dauden ezin jakin, ezta COVID-19ak kutsatuko ote zituen ere. Hala izanez gero, ez genekien gainditzeko gai izango ote ziren, eta, okerrenean jarrita, azken unean ezingo genuen beraiekin egon, ezta eskutik heldu eta agurtu ere.
Hau guztia kudeatzeko ardura dutenek, ez dute eginkizun samurra izan, ulertzen dugu. Inork ez luke haien larruan egon nahi. Lan handia egin dute, seguru. Gure ikuspuntutik, ordea, autokonplazentzian aritu dira. Senideok, behintzat, hala bizi izan dugu, komunikabideetatik jaso dugunagatik. Zertarako gertatu da gertatu den guztia? Hau da, hainbeste jende gaixotu izana, hainbeste sufrimendu bizi izana eta hildakoak ehuneko huts gisa tratatuz euren garrantzia minimizatzea jasan behar izana. Sekulako kudeaketa egin dutela demostratzeko? Norbaiten ardurak zuritzeko? Hori da mingarriena.
Gertatutakoak ez du bueltarik, argi dago! Baina benetan eskertuko genuke COVID-19ak zahar etxeetan izan duen eraginaren inguruan hausnarketa sakona eta objektiboa egitea, berandu baino lehen. Zeresana izan dezaketen eragile guztiek euren ikuspegi eta ekarpenak egiteko aukera izan dezaten, etorkizunean horrelakorik berriz gertatuko balitz, erantzun hobea emateko moduan egon gaitezen.
Ondo dago osasun fisikoa zaindu nahi izatea, baina pertsonen beste gainerako alderdiak ahaztu gabe. Izan ere, hainbeste denbora logela batean bakartuta egoteak ondorio latzak eragin dizkie adinekoei: mugitzeko zailtasuna, tristura, abandonu sentsazioa, ultzerak, galera kognitiboa, eta abar.
Ez nuke egoitzetako langileei egin duten lan itzelarengatik eskerrak eman gabe bukatu nahi, eta bide batez, komunikabideetan langile hauen lana txalotu duten ordezkari politikoei, txaloak utzi eta euren esku dagoen guztia egiteko eskatu nahi diet, haien lan baldintzak hobetzeko. Hori baita egiten duten lana onartu edo aitortzeko modurik egokiena.