'Zaharra zara Igeldo'
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Zaharra zara Bilbo dio Garik bere abestian, eta Igeldo ere zaharra da, oso zaharra. Hain zuzen ere, Igeldo herria zen dagoeneko Donostia sortu zutenean, 1180an. Hiriaren sorrerarekin bertako auzo izatera pasa zen, baina bere baliabideak kudeatzeko eta antolatzeko administrazio propioa izan zuen, 1845a iritsi zen arte. Urte hartan autonomia osoa lortu zuen, alkate eta errejidoreekin osatutako udala egituratzearekin batera.
Garai horrek, baina, sei urte iraun zuen, Donostiaren parte izan baitzen berriz 1851n. Eta egoera berean dago egun, Donostiak lapurtutako askatasuna berreskuratu nahian. Hala, igandeko herri kontsultaren bitartez, erakundeek aukera paregabea dute herriarena herriari bueltatzeko. Hori bai, gauza bat eskatuko nieke agintariei, daudenei eta etorriko direnei: desanexioaren aldeko erabakia hartuz gero, ez dadila sei urterako bakarrik izan, XIX. mendean bezala, igeldotarrek nahi duten arte baizik; hots, ez ditzatela erabakiak gobernuaren kolorearen arabera hartu.