Zakurrak eta furgonetak
Aurreko batean kalean nindoala, hantxe ikusi nituen zortzi bat zakur-jabe geldi-geldi zutik eta zortzi zakur eurengandik lau bat metrora, urduri baina hauek ere geldi. Xake partida baten hasiera zirudien. Kuriositatea sortu zitzaidan eta disimuluan egon nintzaien begira puska batean, are eta zakurrik ez zuen batek ariketa ezberdinak agintzen zizkiela ikusi nuen arte.
Zakurrek beldurra ematen didate eta beraz, ez zaizkit gustatzen, baina hezitzaileak eman zidan atentzioa. Eta atentzioa eman zidan, gustatzen zaidalako ikustea badaudela pertsonak, normalak deituko ez genituzkeen lanei esker bizi direnak. Uste dut horregatik ikusten ditudala telebistan Forjado a Fuego eta ¿Quien da mas? gisako programak eta azkenaldian ETB4-en ematen ari diren Del pais de los vascos dokumental sorta.
Valentziako traineru txiki batekin gora eta behera ibiltzen den lagun bati galdetu nion behin ea langintza hark bizitzeko ematen al zion. “Ni behintzat bizi nauk!” bota zidan galdera horri askotan erantzun dionaren segurtasunarekin.
Batzuetan galdera txar batek ere erantzun onak eman ditzakeela pentsatu nuen. Kontua da baietz, gustatzen zaizkidala pertsona horiek. Ez dakit askatasunaren ideia erromantiko bezain faltsua ala bohemiaren mistika den, baina gustatzen zaizkit. Batzuetan pentsatu izan dut inbidia baino ez dela, inbidia, bi seme-alabaren aita den irakaslea ez delako inoiz zakur hezitzailea izango. Baina ez dut uste, gogoratu zakurrak ez zaizkidala gustatzen.
Eta gainera, beti erabil dezaket udako paga estra furgoneta baten sarrera ordaintzeko.