Zaldibar eta Donostiako Metroa auzitan
Zaldibarko zabortegia erori zen urteurrena dela eta, larrialdi ekologikoari lotutako salaketa ekintzak egiteko Larreko Mahaiak zabaldutako deialdiari batuz, Donostiako Metroaren obrak Kontxako hondartzan eragindako ingurumen-erasoa eta arrisku oso larriak salatu ditugu.
Izan ere, izugarriak dira metroaren obrak dituen arriskuei buruz egiten diren ohartarazpenak; hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak adjudikatu duen «Mirakontxa-Easo tartearen Eraikuntza Proiektua (2. Fasea)» egitasmoari egindakoak: «Tunela egiteak ehunka metrotako distantzian desegonkortzeak eragin ditzake lurrazalean, baita trazadutik oso urrun dauden eraikinen osotasunari ere kalte egin ahal zaiolarik», ohartarazten du. Bestetik, Itsasertzetako Zerbitzuak «tunelaren obrak, zeinak hondartzaren errealitate fisikoan eragin kaltegarria izan duten, geldiaraz daitezela» eskatu dio Jaurlaritzari, «harik eta itsas-lur eremu publikoa zeharkatzen duen trazaduaren inguruan azterketa oso bat egiten den arte».
Halaber, Urbieta kalean dauden Amarako eskolen azpian geldiarazi behar izan zituzten lanak, «tunelaren barnera sartzen zen ur-kopuru handiak obraren eta inguruko eraikinen segurtasunari kalte egin ahal ziolako», Lanen Zuzendariak uztailaren 1ean obrako «Aginduen Liburuan» idatzi zuenez. Beraz, gezurra esan zuten ETS-ko arduradunek azaroaren 23an udaletxean bildutako obren jarraipen batzordean: Urbieta kaleko gertakariari buruz galdetuta, «ez dakit zeri buruz ari den» eta «ez dakit tunel horretan ur-maila anormalik detektatu denik», erantzun zuen ETS-ko Eraikuntza zuzendari Antonio Lopezek.
Bada, Kontxako hondartzan eta Donostialdeko erdialdean horrelako astakeria bat egiten badute, zer ez dira lurraldearen beste edozein tokitan egiteko gai izango?
Zaldibarko hondamendiari buruz ikerketa egin du Ahoztar Zelaieta kazetariak, hain zuzen, «euskal oasiaren kudeaketa-eredua» deitzen duen aferaz eta agintari politikoek Donostiako Metroaren enpresa eraikitzaileekin dituzten harremanetaz arituko zaigu, otsailak 23an Okendo kultur etxean egingo den hitzaldian.