Zaporeak
Beñat Gaztelumendik irailaren 19an Antiguako frontoian kantatutako koplak dira. Moriako errefuxiatuen kanpalekuak su hartu ostean, Zaporeak elkarteak «larrialdi ekitaldia» egin zuen, eta hainbat kulturgilek egungo egoeraren inguruko gogoetarako hitzak eta musika plazaratu zituzten.
-1-
Minberak dira, minberak
piper beltzaren manerak
beharrak gidatzen ditu
oin galduen ibilerak.
Oin galduen ibilerak
minberak dira, minberak.
-2-
Gaziak dira, gaziak
itsaso harro, haziak
albisteen mekanikak
itotako garrasiak.
Itotako garrasiak
gaziak dira, gaziak.
-3-
Biziak dira, biziak
masusta gorde, bitxiak
lehentasunik ez al du
azkeneko iritsia?
Azkeneko iritsiak
biziak dira, biziak.
-4-
Mingotsak dira, mingotsak
goizetako kafe motzak
paperak eskatu ditu
poliziaren ahotsak.
Poliziaren ahotsak
mingotsak dira, mingotsak.
-5-
Garratzak dira, garratzak
limoiz bustitako hatzak
deserri ahaztuetan
kiskalitako arratsak.
Kiskalitako arratsak
garratzak dira, garratzak.
-6-
Gozoak dira, gozoak
marrubi ale osoak
behar denean ateak
zabalik dauden auzoak.
Zabalik dauden auzoak
gozoak dira, gozoak.
-7-
Jaki beroak eltzean
eta etxe bat etxean
mundua norentzat da ba
denontzat izan ezean?
Denontzat izan ezean
jaki beroak eltzean?