'Zapuztua'
Xabier Vazquez, realzalea
Zur eta lur utzi ninduen Xabier Etxanizen denboraldiko lehen Futbologiak. Hainbesteko ohiartzuna izan du, non HITZArako kronika baterako ere izena hartu dioten. Baina ni izenarekin baino edukiarekin harritu nintzen. Askotxo bilatu behar da Etxanizek egungo zuzendaritzaz esandako zer edo zer on topatzeko. Beraz, kontra egitearren, zuzendaritzari gauza bi leporatuko dizkiot. 1. Karnet berria oso polita! Beno kontsultatu ditudan itxura-zaindari guztiek esan didate diseinua ikaragarria dela, zentzurik literalenean, hots, ikara ematen duela. Hori gutxi balitz…edukia…zergatik azaltzen da mayor? Ez naiz hasiko mayor ordez caballero, señora edo adult@ eskatzen; esan nahi dudana zera da, euskaraz ere badaudela jendeari gustatuko ez zaizkion hitzak: adinekoa adibidez. Nik, aukeran, nagusia jarriko nukeen, jokalarien nagusi garelako itxaropen faltsuari eusteko. Garrantzitsuagoa da, baina, jokalariei gogoraraztea. «Ikusten hor eserita dagoen hori? Bada, horrek zure soldata ordaintzen du, zatitxo bat behintzat, bestea Roures izeneko batek (ordaintzen duenean) eta horregatik ditugu ordutegiok». 2. Ze deabru….oh wait, barka…ze zerugatik joaten da kluba mezatara? Oso ondo iruditzen zait jokalariak joatea, ni astero joaten naiz bizitzaren hustasun gogorrari aurre egiteko erritu batera, milaka pertsonarekin batera. Futbola deitzen diote askok; nik, apalagoa izanik, Reala deitzen diot. Ziurrenik askoren ustez burutik jota nago, baina tira, hor konpon neu. Bada, erlijioekin berdin, bakoitzak nahi duena egin beza, baina taldeak ez luke baten alde egin behar? Laguntza guztiak ondo hartuak izango dira, baina aukeran hobe genuke, mezaz gain, beste erritu batzuekin ere proba egitea, ea denen artean emaitza hobea ematen diguten. Beno, zoritxarrez espazioa geratzen zait partidaz hitz egiteko. Zer nahi duzue esatea? Jendea ilusionaturik ikusi dut hasieran, Etxaniz bera hala zegoen. Niri honek beldur apur bat ematen dit, horietako batzuk denboraldi hasiera batean hain ilusionaturik ikusi nituen azkeneko aldian Reala Bigarren Mailara jaitsi zen eta. Realak goitibehera hauetara ohitu gaitu aspalditik: ilusioa piztu, ilusio zapuztu. Eta 45 minutu nahiko ditu horretarako. Batzuk konturatzen hasi gara Vela fitxatzeak edo Pardo ateratzeak soilik ez dituela partidak irabazten, baizik eta jokalarien jarrerak. Mallorcakoarekin behintzat jai dugu. Beno, egia esan jai gure arerioek izango dute, horrela kamiseta kendu eta gola biziki ospatzeko aukera handia izango dute. P.D. Zorionak Etxaniz, Griezmann eta beste 10! Bete-betean asmatu!
