Zaurgarritasunetik indartsu atera
Pertsona osotasunean begiratu, ikusi ahal izatea eta bere horretan onartzea gauza handia da. Handia, begiradaren zabaltasun eta eskuzabaltasuna adierazten duelako. Handia, begiratzen duenaren jakinduria eta gizatasunaren adierazgarri delako.
Izan ere, pertsona osotasunean begiratzeak bere ahuleziak bai, baina bere indarguneak ere ezagutzeko aukera ematen digu. Eta guztiok, gure indargune eta ahuleziekin, gure komunitatea sortzen dugu: elkarri behar duen horretan lagunduz eta laguntza eskatuz. Bietatik behar baitugu (eman eta jaso) gure bizitzako ziklo ezberdinetan zehar.
Aurten, urriaren 10 honetako leloak Zaurgarritasuna partekatzen dugu, gure buruko osasuna defenda dezagun dio.
Munduan zehar gerrate, suntsipen eta bestelako egoera zailen ondorioak jasaten dituzten milioika pertsona daude, baina gertuagoan ere, buruko gaixotasunen bat pairatzen duen kiderik ere badugu. Izan ere, une honetan osasuna izateak ez du etorkizunean osasuntsu egongo garenik ziurtatzen. Denak gara zaurgarriak eta bizitzaren gorabeheren baitan, erantzun ezberdinak ematen ditugu.
Horregatik, OMEk dioen moduan, osasuna modu integralean zaintzea eta defendatzea garrantzitsua da. Buruko osasunaz ahaztu gabe.
«Buru osasuneko zerbitzuen eraldaketa da erronka nagusia. Gogoan izan behar dugu buruko osasun ona izatea ez dela pribilegio bat, eskubide bat baizik»
Erakunde honetako azken txostenetako baten arabera, munduan, buruko nahasmenduren bat duten 1.000 milioi pertsona daude eta, nahiz eta herrialde batzuetan neurriak hartzen eta baliabideak jartzen ari diren, buru osasuneko zerbitzuen eraldaketa da erronka nagusia. Gogoan izan behar dugu buruko osasun ona izatea ez dela pribilegio bat, eskubide bat baizik. Eta honela azpimarratu dugu aurreko urteetan ere.
Gaur egun, enpatiaz eta komunitateaz asko hitz egiten da. Itxaropenak mugitzen gaitu, pertsona enpatikoz osaturiko gizarte baten itxaropenak. Gure zaurgarritasunak ezkutatu gabe, komunitatearen laguntzaz, bata bestearen sostengu izanaz, indartsuagoak izango garen pertsona ezberdinez osatua.
Gizaide Fundaziotik ere, duela 25 urtetik baino gehiagotik hona, zerbitzurik onena ematen saiatzen gara: pertsona zaurgarriak laguntzen, entzuten, beraiengandik ikasten eta batez ere, beren duintasuna berreraikitzen. Profesional eta boluntario guztiok egiten dugun lanaren beharra dute, noski, baina, era berean, sendotze prozesuan aurrera egin ahala, hainbat gaitasunen jabe egiten dira eta gizarteari beraien onena eskaintzeko moduan izaten dira ere. Hori baita komunitatea: guztion artean eraikitzea.
Xalotasunean ere ezin gara erori, eta, jakin badakigu, erronka horrek administrazio eta eragile ezberdinen apustu sendoa ere eskatzen duela. Egin beza norberak, dagoen tokitik, egokitzen zaiona. Gizaide Fundazioak hasitako ibilbidetik jarraitzeko asmo irmoa du, baita datozen erronka berriei erantzutekoa ere.