Zauriak sendatzeko bide luzea
Oraindik ere, egun, pertsona batzuek indarkeria matxista asmakizun ideologikoa dela uste dute. Hala diote, nahiz eta azaroaren 25eko atarian Donostiako Intxaurrondo auzoan emakume bat bortxatuta izan den. Hala diote, idazten ari naizen honetan Pasaiako beste emakume batek itxi gabeko zauriak eskuetan dituen, bikotekideak igandean bere aurka astindu zuen aiztoak eraginda. Haien zauri fisikoak nahiko azkar sendatuko dira, baina arimetan geratu direnek denbora gehiago beharko dute ixteko.
Gure inguruan gertatzen diren ehunka kasuetatik bi adibide besterik ez dira hauek, etenik ez duen gaitz baten testuinguruan. Ez da emakumeen aurkako indarkeria fisikoa soilik, baita psikologikoa, jasaten dutena menderatzea edo adingabeei egiten zaien kaltea ere. Eta, gizartearen zati batek gertakari horien larritasuna minimizatzen edo ukatzen jarraitzea guztion porrota da. Zauri horiek, ikusten ez badira ere, odoltsuak dira.
Erakundeok lanean jarraitu behar dugu berdintasun politikak sustatuz, biktimei laguntzeko ekimenak bultzatuz eta prebentzioaren eta kontzientziazioaren aldeko apustu irmoa eginez. Batez ere, gazteen artean, non indarkeria matxistaren negazionismoak gogor jotzen duen.
«Gure inguruan ematen diren esaldiek eta jarrerek jarraitzen dute matxismoari garrantzia kentzen, matxismoa gutxiesten»
Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait azaroaren 25erako, indarkeria matxisten kontrako nazioarteko egunerako, Donostiako Udaletik abian jarritako kanpaina nabarmentzea. Alde batetik, beste behin ere, Usandizaga Institutuko gazteek diseinatu dutelako, eta horrek gai honekiko duten inplikazioa islatzen dutelako. Eta, bestetik, aurtengo leloak mezu erabakigarria zabaltzen duelako: «Aitzakiarik ez».
Izan ere, gure inguruan ematen diren esaldiek eta jarrerek jarraitzen dute matxismoari garrantzia kentzen, matxismoa gutxiesten.
Aitzakia horiek, arazoa minimizatzeaz gain, normalizatu eta iraunarazi ere egiten dute matxismoa, eguneroko jarreretatik indarkeria esplizituko ekintzetaraino. «Umorea baino ez da», «ez zen serioa» edo «gaizki hartzen duzu» gisako mezuek hesi bat sortzen dute, berdintasunerantz aurrera egitea eragozten duena.
Azaroaren 25 honetan, jarrai dezagun lanean, oztopoak kentzeko, aitzakiekin bukatzeko, biktimei laguntzeko eta zauriak sendatzen laguntzeko.
Gora borroka feminista, gaur eta beti.