Zein da bizi dugun egoera soziala?
Zein egoeratan bizi garen zehaztea une oro egin beharko genukeen ariketa da, eta ez da erraza lan hori egitea edo lan horretan lagun diezaguketen giltzarriak aurkitzea. Baditugu munduan zehar horretan laguntzen digutenak eta neuk ere horiengana jotzen dut argitasuna aurkitu nahian.
Bizi dugun unea zein den sumatu nahi dudalako ari natzaizue. Beti dago jende argia egoera aztertzeko gaitasuna duena, eta horietako batengana jo dut idazten ari naizena idazteko.
Eric Sadin frantses filosofoari buruz ari naiz, eta berak egin berri dituen hausnarketa berri batzuen berri eman nahi dizuet, gure munduan gertatzen ari denaren berri, nire ustez, modu interesgarrian ematen duelako.
Idatzi dituen liburuen artean eta ematen ari den hitzaldien artean, oraingo garaia «gizabanako tiranoa»-ren garaia dela dio, eta ni ados nago definizio honekin.
Brexit eta Trump garaian gaudela dio. Neoliberalismoaren garaia gainbehera doala, jendartearen desberdintasunak handitzen doazela, ongizatearen jendartea atzerapausoak ematen ari dela, jendartearen elkartasuna murriztuz doala, norgehiagokeria indartzen doala eta, beraz, tiranoa den gizabanakoaren garaian gaudela.
Angela Davisek duela gutxi Bartzelonan esan duen moduan, itxaropena behar dugu
Jakina, aztertzen duen jendartea lehen mundua deitzen diogun hori da eta botatzen dituen ideiak mundu horri dagozkionak dira. Egia da gero eta gauza gutxiagotan sinesten dugula, elkarrenganako gero eta konfiantza gutxiago dugula, elkarren artean harremanak gero eta murritzagoak direla, gero eta lotura gutxiago dugula elkarren artean.
Komunitaterik osatuko ez bagenu bezala edo elkarrekin ezertan parte hartuko ez bagenu bezala gabiltza, gero eta indibidualistagoak gara. Geure burua jartzen dugu guztiaren gainetik eta besterik ez dago, ez dugu sinisten komunak izan daitezkeen proiektuetan. Hau da, Trumpen «nartzisismo patologikoa».
Mendebaldeko kulturan komuna den oinarri oro galtzen ari gara, elkarrenganako konfiantza galdu dugu eta indibidualismo tiranoa da ezaugarritzen gaituena, desilusioak eta mingostasunak jaten gaitu. Azken bi hamarkadotan gertatu zaigu gainbehera etortze hau.
Esan bezala, komunak zaizkigun aferetan ez inplikatzea da ezaugarrietako bat, komunean etorkizunik ez dugula pentsatzea. Desadostasuna dugu ezaugarrietako bat, ezegonkortasun etengabean bizitzea, ni eta ni-a dira nagusi. Gorrotoaren diskurtsoa, berriz, nonahi dago.
Hala ere, Angela Davisek duela gutxi Bartzelonan esan duen moduan, itxaropena behar dugu. Orain arte komunitatea osatzeko sinetsi ditugun oinarrietan sinesten jarraitu beste biderik ez dugu. Agian, herri txiki bateko parte izateak ematen digun indarra probestu behar dugu, orain arte bezala, komunitate bat izaten segi dezagun, proiektu komunak aurrera atera ditzagun, elkarrengan sinetsi dezagun eta, orain arte bezala, herri bat garen kontzientziak bultzatuta segi dezagun urratsak egiten, batzen gaituzten balioak babesten eta bultzatzen. Elkarrekin adosten ditugun helburuak betetzen, herri bat izateko borondatea berresten eta geure arteko loturak sendotuz aurrerapausoak emanez komunitate bat ahalik eta indartsuena egiten. Beste biderik ez dugu.