Zein iritzi dugu euskal herritarrok burujabetzari buruz
Duela ia bi urte, Euskal Herrian greba feminista orokorra egin genuen, bi urte pasatxo dira Israelek Gazan hamarkada askotan egin duenari ofizialki genozidio deitzen diotela, bost urte mundu mailako pandemiak astindu gintuela, 50 urte Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela eta egun gutxitara ustezko trantsizio batera eraman gintuztela. Beste milaka gertaera ere zerrendatu daitezke. Baina nola aldatu da euskal jendartea urteotan? Zein pertzepzio dugu euskal herritarrok burujabetzaren inguruan?
Herritarren jarreretan, identitate politikoetan eta balioetan bilakaera nabarmena izan da azken urteotan, eta horren isla da Naziometroa, euskal burujabetzaren barometroa. Tresnak bost urte bete ditu, eta zazpi inkesta egin ditu ordutik. Euskal Herriko burujabetzaren, autogobernuaren eta independentziaren inguruko iritziak neurtzen ditu, baita gai horiei lotutako bestelako jarrerak ere —osasuna, hezkuntza, migrazioa, feminismoa, ingurumenarekiko kontzientzia edo polarizazioa, besteak beste—.
Proiektuaren sorreran, helburua argia zen: euskal jendarteak burujabetzari buruz zuen pertzepzioa modu sistematikoan ezagutzea. Izan ere, politikaren erdigunean egon arren, ez zegoen argi herritarrek zein ikuspegi zuten gai horri buruz.
Egindako zazpi inkestek erakutsi dute euskal jendartearen gehiengoa erabakitzeko eskubidearen alde dagoela, eta, oro har, autogobernu handiagoaren aldeko jarrera nagusitzen dela. Azken neurketan, euskal herritarren %40 inguru Euskal Estatu independente baten alde agertzen dira (%38,5), eta kontrako jarrera ahulagoa da (%26,5). Dena den, zalantzatien sektorea zabala da, ia %35ek ez baitute posizio argirik adierazten. Datuok erakusten dute askorentzat estatu propioaren ideia ez dagoela oraindik guztiz artikulatua edo barneratua, eta ondorioak ez direla oraindik guztiz argi ikusten.
«Egindako zazpi inkestek erakutsi dute euskal jendartearen gehiengoa erabakitzeko eskubidearen alde dagoela, eta, oro har, autogobernu handiagoaren aldeko jarrera nagusitzen dela»
Bestalde, erreferendumari buruz galdetuta, gehiengo zabalak (%62,7) uste du Espainiako eta Frantziako estatuek onartu egin beharko luketela, baldin eta euskal erakundeek adostasuna lortuko balute. Datu horrek gora egin du azken urteotan.
Azken inkestan, bestelako fenomeno sozialak ere islatu dira. Herritarren %66k uste du jarrera erreakzionarioak hazi egin direla Euskal Herrian, batez ere migrazioaren eta genero berdintasunaren inguruan. Eremu horietan, jarrera kontserbadoreek gorakada izan dute, eta profil jakin batzuetan pilatzen dira: adin nagusiko gizonezkoetan, eskuin ideologikokoetan eta burujabetzarekiko kontrako jarrera dutenetan.
Inkestek erakusten dute, bereziki, migrazio eta kultur aniztasunaren inguruko aldarrikapenak «gehiegizkotzat» jotzen dituztela elkarrizketatuen %61ek. Horren atzetik dator feminismoaren aurkako erreakzioa (%33). Desberdintasun ideologikoak nabarmenak dira, eta agerian gelditzen da euskal jendartean tentsio diskurtsiboak daudela, progresismoaren eta erreakzioaren arteko talkan. Hala ere, jarrera irekiagoak ere zabaltzen ari dira. Elkarrizketatutakoen %60k uste du Euskal Herrian bizi eta lan egitea nahikoa dela norbait euskal herritar izateko, jaioterria lehenetsi ordez (%21).
Genero berdintasunaren arloan, inkestek erakusten dute gizonen %32,7k eta emakumeen %19,5ek uste dutela gaur egungo aldarrikapenak «gehiegizkoak» direla. Adierazgarria da, gainera, gazteen artean polarizazio handia hautematea: mutil gazte batzuek feminismoa mehatxu moduan ikusten duten bitartean, neska gazteen artean kontzientzia feminista gero eta handiagoa da. Azterketen arabera, joera hori identitatearen eraikuntzarekin eta eskuin muturraren diskurtsoen normalizazioarekin lotuta dago, askotan sare sozialen edo komunikabide batzuen bidez zabalduta.
Horren guztiaren inguruan aritzeko, urriaren 27an jardunaldia egingo da Bilboko Bizkaia Aretoan. Izena emateko aukera dago Telesforo Monzon euskal herrigintza laborategiaren webgunean.


