Zein polita 'cohousing'-a!
Pasa diren udal hauteskundeetarako kanpainan zehar, alderdi politiko guztiak behingoz gai batean bat etorri direla ikusi ahal izan dugu: denek aipatu dituzte etxebizitza kolaboratiboak (aka cohousing aka coliving), euren programetan izan ez bada ere, behintzat azken orduko Twitterrerako bideoetan.
Zein polita lagunekin bizitzea, zein polita bizilagunekin zaintza elkarbanatzea, zein polita parekoarekin Roomba elkarbanatzea, zein polita etxe minimo bat edukitzea, egongela komun handi bat izan ahal izateko, zein polita elkarrekin otorduak egitea. Zein polita cohousing-a.
Kolore ezberdinetako ordezkariek, honen aldeko apustua egite(n dutela esate)ak zentzua izan dezake; Anna Puigjaner arkitektoari jaramon egiten badiogu behintzat, espazioak elkarbanatzea ez baita ez komunista, ez kapitalista, tipologia bat baizik. Politizatua izan daitekeena, hori bai. Honen muturreko adibide gisa, aurkezten ditu XX. mende hasierako Errusiako Kommunalkak eta NYeko aberatsentzako sukalderik gabeko etxebizitzak.
Baina Donostiara itzuliz, hemen eztabaida ez dago hain ondua. Hautagaien proposamenen letrari, edota ez bereziki txikiari, erreparatzen badiogu, begi-bistakoa da era honetako elkarbizitza proiektuak gazteenentzako edo adinekoentzat soilik proposatzen jarraitzen dutela. Bi aukera: gurasoen etxetik atera eta «asentatu» arteko «bien bitarteko zerbait», edo bizitzaren azken etapako bakardadearen aurkako erremedio, ze erremedio.
Hau da, ez da «benetan bizitzeko» planteamendu bat. Horregatik konfinatzen dituzte proiektu hauek ekipamendu-lursailetan, gazteentzako haurtzaindegiak edo adinduentzako erresidentzia modernoak balira bezala.
Etxebizitza-politikak eragiten dien horientzat, mainstream-arentzat, etxebizitza egonkorra bilatzen duten hiritar produktibo eta erreproduktiboentzat, ez dute bizi-eredu hau nahi, betikoa bultzatu nahi dute. Epe luzerako bizileku egonkor bat bilatzen bazabiltza, ahaztu cohousing-a. Erosi etxe normal bat, fa-bo-rez.
Baina ez dago oso urrutira joan beharrik etxebizitza politika publikoen bidez egingarria dela ikusteko: pasa den abenduan sartu ziren bizitzera Bartzelonan, etxebizitza babestu erregimenean, eraikitako lehen elkarbizitza proiektuko biztanleak, 75 urtetarako azalera-eskubidea bermatua dagoelarik.
La Borda jarri diote izena, katalanez ere berdin izendatzen den eraikuntza mota herrikoi honi keinua eginez. Bartzelonarengandik beste hainbat gauza bezala, onak direnak ere kopiatuko balituzte Donostiako hiri-antolamenduaren arduradunek!