'Zein polita den gu aske sentitzea, zu euskaraz entzutea'
Zenbat aldiz ari gara gazteleraz euskaraz ari garela pentsatzen dugunean? Galdera hori oinarrian hartu genuen txa(n)pa iazko Aste Nagusian, eta batu ginen hainbat Pirata San Sebastian abordatu eta Donostia euskara hutsez bizitzeko.
Izan ere, gune “formalenetan” euskara nagusi badugu ere, festa giroan gaztelerarako joera dugu. Eta ez da analisi sakonik behar baieztapen hau egiteko: zenbatetan egiten dugu salto gaztelerara kideak hala egiten digunean? Zenbatetan egiten dugu lehen hitza gazteleraz kidea kanpotarra dela antzematen dugunean? Zenbat sin mas, en plan, tipo, no jodas, si venga!… gure ustezko euskarazko elkarrizketetan? Milaka euskal hitz itoko genituen Flamenkako barra ertzean gazteleraz edan eta dantza egin bitartean. Cualquier dia, No hay tregua.
Baina indarrak batuz, gure hizkuntz joeren nondik norakoak neurtzeko prestutasuna azaldu genuen iaz ehundaka piratek. Eta ez gara olatuaren aparretik jaitsi. Iaz harturiko olatu berean darraigu geurea dena geure hizkuntzan abordatzeko. Euskaraz ez bada, nola bestela? Gure izaeraren oinarria hizkuntzan ei dago.
Hizkuntzarena, hala ere, ez da festen eremuan gorpuzteke dugun borroka bakarra: mingain morez aritzen gara euskaraz Aitorrena bakarrik ez den hizkuntz zaharrean. Sarritan esan izan denez, hizkuntza gutxituen kontuak genero zapalkuntzarekin harreman zuzena du: euskarak bezala emakumeek* ere pisu ahula dute hainbat arlotan, hala nola, gauez, festan, eta erabakigune nagusietan. Baina festa ere ahalduntze bide politiko bezala ulertu dugu piratok; eta aingurak askatuz lema moreak lau haizetara zabaldu ditugu gure identitatea harrotasunez, euskaratik eta euskaraz azaltzeko.
Borroka pertsonala ikusarazteko, iaz txapa zena, aurten mural bihurtu dugu pirata emakumeok* elkarrekin, auzolanean, indarrak batu eta geure iraultzaz zapalkuntza oro abordatzeko. Festa plazer aske, libre eta seguru gisa ulertzen dugunez, argi dugu: ito ditzagun matxitoak gure jaien enbatan!
Eta festetan ere, gure iraultzak ez du etenik. Larunbateko manifestazioaren ostean, igandean, erraietatik atera eta erroetaraino iritsi zitzaigun Erradikalak gara emanaldia, hamaika emozio azaleratuz publikoan bildu ginen bertsozale eta feministoi. Emozioak dantzan, halaxe hurbildu ginen akelarre bihurtutako Flamenkara Koban-ek jarritako elektroswing doinuetan gure gorputzak aske astintzera. “Suaren dardaraz, mila gorputz dantzan”. Berriz ere aske, euskaraz.
Astelehena “Aldapan gora” eman genuen bi eguneko festa gorputzetan, baina asteak aurrera darrai, eta badugu oraindik zer abordatu. Zabaldu belak eta jarrai dezagun geure Donostiari behar duen norabidea eskaintzen, inoiz ere ahaztu gabe zein polita den gu aske sentitzea, zu euskaraz entzutea.
Irati Urkiola, Kantauri kofradiako kidea