Zeintzuk dira gobernatzeko irizpideak Donostian?
Añorgatxikitarrak auzo elkarteak 2018. urtetik darama Añorga Txikin promotore pribatu batek aurrera eraman nahi duen proiektuaren aurka borrokan. Proiektu hau diseinatuta dagoen moduan desegokia da, gehiegizkoa da eta auzoa apurtuko digu.
Hasieran, udal gobernuak interesa adierazi zuen gure iritzia ezagutzeko, baina gureari eusten geniola eta gure iritzia aldatuko ez genuela ikusi zutenean, maskarak kendu eta aurrera egitea erabaki dute proiektuak ekarriko dituen kalteak alde batera utzi eta ez ikusiarena eginez.
Udal gobernuak proiektuarekin aurrera jarraitzea mingarria da. Alde batetik, inposizio hutsa delako, behin eta berriz, mila modu desberdinetan, ahoz, idatziz, manifestazio bidez… proiektuak ekarriko dituen kalteei kasurik egin nahi izan ez diolako. Bestetik, udalari ez zaiolako batere inporta guri, donostiar gisa, min egitea.
Udal gobernuak proiektuarekin aurrera jarraitzea mingarria da. Alde batetik, inposizio hutsa delako, eta, bestetik, ez zaiolako batere inporta guri, donostiar gisa, min egitea.
Hainbat irtenbide zituen gatazka honek, konpentsazio ekonomikoa edo eraikigarritasuna beste toki batera eramatea, plan orokor berrian txoko bat bilatzea etxebizitza hauetako batzuk beste toki batean egiteko… Bazeuden irtenbideak inori kalte berezirik ez eragiteko, baina promotorearen onura ekonomikoa donostiarron bizitza kalitatearen gainetik dago udal gobernu honentzat.
Ez da ezusteko bat, donostiar askok bizi dugun egoera delako. Udalak azken urteotan Donostian hartu dituen erabakietan horrelako mila adibide ditugu. Esaterako, Ancorak egiten dituen salaketak eta turistifikazioak Parte Zaharrean utzi duen egoera. Dena dela, beste auzoetan udal gobernuaren erabaki txarrak pairatzen dituztela jakiteak ez gaitu kontsolatzen.
Udal gobernuak Añorga Txikiko etxebizitzen proiektuarekin aurrera jarraitzen duen bitartean, guk ere aurrera jarraituko dugu gure borrokarekin. Akatsak saihestu nahi ditugu, udalaren inposizioa gelditu nahi dugu, batez ere, añorgatarrok ere garrantzitsuak izan beharko genukeelako udalarentzat.