Zelofan zuri-urdinak
Etxetik urrun harrapatu nau urtarrilaren 20ak. Heldu zaizkit danbor hotsak, balkoietako agerraldi solemneak, eta Odonen bibote postizoaren pare bat meme. Artean, festa giroa bor-bor ereiten ari zen bezperan, Harrera Sarean dabilen lagun baten mezua ailegatu zitzaidan. Antza, La Sirena zabalduko zuten. Iazko neguan, hamar egunez soilik ireki zituen ateak. Termometroak -2 zituen hartan, norbait kalean uztea bidegabe dela kontsideratzeko moduko tenperatura zen, udalaren parametroen arabera.
Noski poztu nintzela, ez dut esango aurkakorik. Baina, bota nuen lasaitasun hasperena efimeroa izan zen. «Bazen garaia» eta «eskerrak» labur batzuk. San Sebastian eguna atontzen duten zelofan zuri-urdinen antzekoak. Tarte batez edertuko dute kalea eta biharamunean gu baino goizago jaiki behar izan duen norbaitek garbituko ditu.
Ez omen da erraza kalean dauden pertsonen zifrak zehaztea. Eustaten arabera, 1.747 izan ziren iaz Gipuzkoan. Donostian 326, Eusko Jaurlaritzaren etxerik gabeko pertsonen seigarren txostenaren arabera. Hainbat elkartek seinalatu dute, ordea, asko zenbaki ofizialetatik kanpo geratzen direla. Horietako asko ezkutatzen ahalegintzen dira, lotsa eta beldurragatik, ahal moduan. Asko, Poliziak edo kanpo begiradak zokoratzen ditu. Gehienak, indiferentziaren begiak ezabatzen ditu. Ikusi bai, baina begiratu ez. Badira norbait, ordea. Norbait dira, bizi dira, hotz dira, gose dira, haserre dira.
Kaleko Afari Solidarioak taldeko boluntarioek 200-250 afari inguru zenbatzen dituzte egunero, etenik gabe. Elkarteetan otarrainxkak zerbitzatzen diren gauetan ere bai. Jatorkin elkarteak ere ematen omen ditu otorduak. Askorentzat, horixe izango da eguneko otordu bero bakarra. Badira jatetxeetarako banatzen diren tiketak, baina horretan ere, ez denentzat aski. Gurutze Gorriak gosariak ematen zituen, baina uneren batean kendu zuten hori ere.
Gauak hotz badira eta haiek ez
badute berogailua pizten, zergatik ez dugu hau eta beste erretzen?
Gainera, gaua kalean igaro duenak, eguna ere bertan eman beharko du. Askotan, Poliziaren astindua iratzargailu, jaiki eta mugitu beharko da Antiguako izkina bateraino. Hestia zentroa dago bertan, eguneko orduak igarotzeko toki bakanetarikoa hirian. Euri bada euripean, haize bada haizearen kontra, baina ia beti oinez. Errolda lortu arte ez baita hemen autobus txartela egiteko eskubiderik ere. Tabakalera bezalakoak izan litezke aukera bat. Baina, jakin badakigu, litekeena dela Poliziaren bortxa eta zelata izatea garondoan bertaratzen denak.
Espaloiaren harri hotzaren beste aldean goitik behera erortzen diren zelofan zatiak daude. Zuriketa apaintzeko konfetia, Plaza Berriko balkoitik behera. Adibidez, 2023-27ko Gobernu Programako promesak. Aniversario de Chillida, Ampliación del Parque tecnológico de Miramon eta Cuartel de Loiola. Nuevo desarrollo residencial izenburuen ondoan agertzen da Ciudad inclusiva e igualitaria puntua. Aniztasun kulturala sustatzea eta gizarte bazterketa gudukatzea aipatzen ditu.
Imajinatu dezaket legealdi bakoitzean norbait halako lerroak berridazten, soilik data aldatuta. Zelofanezko lazotxo batekin bilduko ditu, apain-apain. Gabonetako zuhaitzaren azpian ume bati hutsik dagoen oparia jartzearen pareko txantxa bailitzan. Fardel distiratsuak txundituko du haurra, baina plastikozko xingola desegin orduko ikusiko du barnean hautsa. Orduan, Olentzeroren gurdiari su emateko desira piztuko zaio. Ez dakit, bizilagun, ulertu didazun metafora. Baina, gauak hotz badira eta haiek ez badute berogailua pizten, zergatik ez dugu hau eta beste erretzen?