Zer da 'euskal zinema'?
Amaitu berri den Donostia Zinemaldiaren 73. edizioak berriz ere jarri du mahai gainean eztabaida. Euskal zinemaren uzta inoiz baino handiagoa izan da, eta hori ukaezina da. Izan ere, programazioari erreparatuz gero, aurten eskaini diren euskarazko filmak 20ren bueltan ibili baitira. Egia da film batzuk zaharberritzeak, beste batzuk film laburrak… izan direla, baina 2025eko SSIFFen estreinatutako film luze eta dokumentalak soilik kontuan hartuta ere, euskarazkoen parte hartzea historikoa izan da.
Beraz, lehenik, oztopo guztien gainetik euskaraz lan egiteko hautua egiten duten zinema alorreko profesional guztiek esker on eta aitortza merezi dute; ikus-entzunezkoak euskaraz egiteak gure historia zein istorio unibertsalak geure mundu ikuskera propiotik kontatzeko herri eta kultura guztiek duten ezinbesteko beharrari erantzuten baitio.
Alabaina, gaur partekatu nahi dudan hausnarketa honakoa da: hainbat erakunde eta hedabidek zaku berean sartzen dituzte Euskal Herrian euskaraz egiten diren filmak, beste hizkuntzetan egiten direnak, eta azkenik, euren ekoizpenaren zati txiki bat gure herrira ekartzen duten espainiar/atzerritar filmak. Zilegi al da euskal zinemaren Irizar sarirako hautagai izatea, eta euskal zinema/cine vasco etiketaren pean eta publizitate orotan sartzea, esate baterako, zuzendari espainiarra, gidoigile espainiarrak, aktore guztiak espainiarrak eta ekoizpenaren gehiengoa espainiarra eta frantsesa duen Los Tigres filma, zergatik eta bere ekoizpenaren zati txiki bat (ziur aski, beste askok bezala, Eusko Jaurlaritzaren hobari fiskalak lortzeko) EAEra ekarri duelako?
«Aurrekontuaren %20 EAEn jartze hutsagatik edozein produkzio ‘euskal zinema’-tzat hartzea… ez al da gehiegizkoa?»
Foru aldundien hobari fiskalek nazioarteko zinema ekoizpenak ekarri eta bertako zinema industrian onurak izan ditzaketen ala ez, hori beste gai bat da. Baina aurrekontuaren %20 EAEn jartze hutsagatik edozein produkzio euskal zinema-tzat hartzea… ez al da gehiegizkoa? Jose Luis Rebordinos berak Gipuzkoako egunkari bati duela gutxi emandako elkarrizketan esan zuen EAEra etortzen ari diren kanpoko errodajeak gero eta gehiago izanik, euskal zinema zer den eta zer ez den eztabaidatzen hasi beharko dugula.
Hemen beste hizkuntzetan egindako filmek, edo Euskal Herrian errodatutako kanpoko ekoizpenek ere, haien ekarpena egiten dute, noski; baina ez ditzagun gauzak nahastu. Euskal literatura euskaraz idazten den literatura den bezala, euskal zinema euskaraz egiten den zinema da. Pantailak Euskaraz-en, argi dugu. Eta zuk?