Zer gertatzen ari da Urumean?
Uda honetako ezohikotasuna Urumeako fauna basatiaren egoerara ere zabal dezakegu. Izan ere, ohikoak den olio edo erregai orbanak agertzeaz gain, aurtengo berritasuna, nolabait esatearren, fauna basatiko ale asko hilda topatzean datza. Abuztuaz geroztik, hainbat ale agertu dira hilda: lehenik, basa ahate bat; gero, etxeko ahate bat, ahate gehiago, 100 aingira, platuxak, kaioak… Horien artean, hainbat kasu topa ditzakegu:
- Ohiko isurketak. Ibaia zikintzen duten olio edo erregai itxurako orbanak izaten dira, eta Uraren Agentziak eta udalak beti Martuteneko 27 industrialdera begiratzen dute. Han bada, ziur, konponbidea ematen ez dioten arazo bat edo gehiago, baina uste dugu bestelako jatorriak ere badaudela.
- Arrainen eta hegaztien heriotza ezohikoak. Esan bezala, basa ahateak, kaioak, aingirak eta halakoak izan dira nagusiki topatutakoak, eta isurketarik gertatu denaren zantzurik gabe.
- Jatorri ezezaguneko isurketak. Honakoa da aingiren kasua, adibidez, eta zantzu guztien arabera, Astigarragan edo Hernanin du jatorria.
Hainbatek, egoera hauek ikusita eta ahateen populazioaren murrizketa nabarmena dela jabetuta, Eguzkirengana jo dute aholku eske, baina gomendio batzuk emateaz gain, esan diegu guk geuk ere ez dakigula zer gertatzen ari den. Izan dira basozainak, Uraren Agentziako ikuskariak, udaltzainak behatzen eta laginak hartzen, herritarren laguntza eskertzen omen dute denek baina ondoren bere nagusiak informaziorik eman ez.
Horregatik diogu aldundiak, Uraren Agentziak eta Donostiako Udalak isilik egotearen estrategiari ekin diotela. Isiltasunaren politika horretan, aldundiaren salbuespen bakarra hegaztien gripea baztertzeko izan da, eta ikertzen jarraituko dutela esan arren, ez dute beste berririk zabaldu. Hildako hegaztiak (basa ahateak eta kaioak, nagusiki) topatzen jarraitu dugu, ondoren ere. Alferrik izan da, baita ere, aingirak agertu direla salatzea, babestutako espeziea izan arren, jokamoldea mantendu baitute.
Guk argi dugu aldundiak, Uraren Agentziak edo/eta Donostiako Udalak herritarroi azalpenak eman behar dizkigutela, gutxienez, egindako azterketen nondik norakoa azaltzeko, baita emaitzak hutsaren hurrengoa badira ere.
Ezin amaitu herritarrak une honetan ematen ari diren laguntza eskertu gabe: jarraitu ezazue ikusten dituzuen gorabeheren berri ematen eta irudiak bidaltzen. Guk ere ahal duguna egiten jarraituko dugu, egoera bere onera ekartzeko.