Zergatik ematen dit nagia donostiarra izateak?
Idurre Eskisabeli entzun nion behin feminismoak gurean egin duen ekarpenetako bat izan dela zenbait euskal mito deseraikitzea. Feminismoaren eta pentsamendu dekolonialaren elkarguneek gurean izan dezaketen aukerez ari zen.
Ez dut ezer berririk esango eta esandakoa nahiko modu traketsean esango dut: ertzeko ahotsek indarra irabazi ahala aldatu behar dira neutrotzat jo diren zera asko. Feminismoak bidea egin eta beste borroka eta teoria batzuekin uztartu ahala saiatu da zera horietako batzuk deseraikitzen. Kendu nahi izan die zuritasuna, gizontasuna, aberastasuna, gorpuzkera jakin bat, gaitasun kognitibo eta fisiko zehatz batzuk eta abar. Horrela, aukera dago zenbait kategoria birpentsatzeko, adibidez: langilea, bertsolaria, gurasoa, herritarra eta euskalduna.
Aldatzen ari al da euskalduna nor eta nolakoa den? Kostata bada ere, ikusi ditugu horren adierazle batzuk. Dotore hitz egin zuen Kontrako Eztarritik lanean Oihana Bartrak «generoa eta euskalduntasuna gurutzatzen diren lekuaz», azalduz «nire euskalduntasuna ez zela haiena bezalakoa» eta mahai gainean jarriz zer zen «emakumea eta euskalkirik gabekoa izatea». Zelako indarra Saioa Alkaizak, txapela soinean, maketoei abestu eta bidali zuenean besarkada bat «langile auzoetako aldera, erdaldunon seme-alabok hor ikasi dugu euskara».
Euskal Herriko zenbait hiritan izan dute oihartzuna euskalduntasuna aldatzearen aldeko aldarri, mugimendu, kanta eta jarrera batzuek. Ilusioa egiten du horrek. Are, umore oneko gaudenean euskalduntasun desiragarriagoak (justuagoak?) irudikatzeko lizentzia hartu ohi dugu. Orain, zer esan donostiartasunaz? Aldatzen ari al da donostiarra nor den, nolakoa den? Izango al du donostiar kategoriak inongo potentzialtasunik?
Egia esateko, ez nago sobera itxaropentsu. Tira, onar dezagun: donostiartasunak ez du xarma handirik. Bartrak esan zuen emakumea eta euskalkirik gabea, biak uste direla graziarik gabeak. Hor gurutzatzen direla generoa eta hizkuntza. Gurea da grazia gutxien duen hiriburuetako bat. Ez da erakargarria donostiar kategoria. Azalekoa, arina dirudi. Zer esan, urtero, batez beste 185 egunetan euria eginagatik ere, Bulebarra goizero urarekin garbitzen duen hiria da gurea.
Zergatik da donostiartasuna kategoria gatzik gabea, problematikoa, batere epikoa? Zerikusirik du hiri-ereduak? Alokairuaren prezioak? Elkarte gastronomikoek? Real Sociedad-ek? Ohikoak dira gurean «ni ez naiz donostiarra, ni antiguotarra naiz» gisakoak. Zergatik ematen dit nagia donostiarra izateak?
Bada garrantzitsuagoa den galderarik horri lotuta, hain zuzen, donostiarra nor den. Gure donostiartasun-eza aldarrikatzeaz gain, donostiartasuna ere ukatzen diogu beste askori. Ados, nagia ematen dit donostiarra izateak, baina nori uzten diot donostiarra izaten? Ez da gauza bera, norbere donostiartasunari muzin egitea eta norbaiti donostiartasuna ukatzea. Sosoaz gain, kategoria itxia ere bada gurea.
Baliteke, posible izatea bestelako donostiartasunak erdiestea. Egongo dira, dagoeneko, nire burbuila zuri eta euskaldunetik harago. Agian, donostiar kategoriak badu nik uste baino potentzialtasun eta aukera gehiago. Aukera horiek norentzat diren, ordea, hortxe afera donostiar larriena. Horretan ere, ordea, azaleko gabiltza donostiarrok.