'Zergatik?'
Aritz Sorzabal, kazetaria
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EAJko Gipuzkoako zerrendako bigarren hautagaia izan zen Bakartxo Tejeria (Larraul, 1971). Villabonan hezia da, baina Donostian bizi da duela 11 urte ezkondu zenetik. Abokatu eta epaile lanetan ibili ondoren, politikagintzan murgildu zen bete-betean. Bere zaletasuna bere bi haurrekin eta senarrarekin denbora igarotzera murrizten da, denbora faltagatik. Izan ere, hiru legegintzalditan izan da legebiltzarkide eta Villabonako alkate ere izan da. Hasi berri den legegintzaldian Gasteizen izango da berriro, baina oraingoan berezitasun batekin; Eusko Legebiltzarreko presidentea izango da, aste honetan bertan hala erabakita, gehiengo sinplez. 27 boto jaso ditu haren hautagaitzak; 46 boto zuri izan dira, eta bi baliogabe. IRUTXULOKO HITZAk Tejeria elkarrizketatu zuen hauteskundeen atarian, eta solasaldi hartan ez zien galderei izkin egin. Abiadura Handiko Trena eta errauste plantaren aldekoa da, beharrezkoak ikusten baititu, ez makroproiektu bezala, «baizik eta ekonomia sustatzeko modu bezala». Zezenketei buruz bere iritzi propioa du. Hainbat jeltzalek defendatzen dutenaren kontra, guztiz aurka dago. Independentziaren inguruan galdetuta, abertzaletzat du bere burua, baina zailtasunak ikusten ditu nahi hori gauzatzeko: «Independentziaz hitz egiten dugunean, galdera da ‘nola?’ Aldarrikatzea oso erraza da, baina hori nola egiten den badaki norbaitek? Ez du inork erantzunik ematen». Legegintzaldi honetan, sentsibilitate politiko guztiak ordezkatuta egonik, erantzun falta jada ez da arazoa izango, beti ere galdetuz gero. Susmoa dut, ordea, independentziaz baino, autogobernuaz hitz egingo dutela jeltzaleek. Zergatik? Ez du inork erantzunik ematen…