Zertarako Batzorde Morea Martutenen?
Zergatik parrandan ateratzen jarraitzea beldurrez? Zergatik ez jantzi zure lookazo gogokoena sexu eraso baten beldur izateagatik? Zergatik utzi abesti bat dantzatzeari «betiko horrek» uzkurtzen zaituenean? Zergatik aldatu tabernaz kontsumizioaren erdian, kikiltzen edo jazartzen ari zaizkizunean? Zergatik gauero bidali behar diegu mezu bera lagunei: «Etxera iritsi naiz»? Zergatik…?
«Zergatik» horiei guztiei aurre egin ahal izateko, beharrezkoa da mugimendu feminista, beharrezkoak dira batzorde moreak, puntu moreak eta gizarte gisa hartu dugun konpromisoa, indarkeria matxistarekin amaitzeko.
Azken hilabeteetan, ordea, feminismoak eta puntu moreek defendatzen duten guztiaren aurkako kritika egiten ari dira eskuin eta eskuin muturreko sektoreetatik. Horren aurrean, gero eta kontzientzia handiagoa dago mota guztietako ekitaldietan, hala nola, jaietan edo festibaletan, espazio seguruak eta errespetuzkoak sortzearen alde. Testuinguru horretan, «puntu moreak» indarra hartzen ari dira, jazarpenei, indarkeria matxistei eta ingurune horietako egoera deserosoei aurre egiteko neurri eraginkor gisa. Are gehiago, behar dutenei laguntzeaz gain, errespetuaren eta elkartasunaren kultura ere sustatzen dute.
«Puntu moreek hezkuntza osagai garrantzitsua dute, eta gure auzoan eta Donostian behar dugun kultura aldaketa bultzatzen dute»
Puntu morean, jazarrita, mehatxatuta, deseroso edo erasotuta sentituz gero, laguntza bila joan zaitezke. Bertan, sexu erasoei buruzko prestakuntza espezifikoa duten kideak egongo dira, eta indarkeria matxistaren aurrean jarduteko gida izango den eta gure auzoan propio sortu dugun protokoloaren informazioa emango dizugu. Halaber, sexu indarkeriaren edo beste edozein motatako indarkeria matxistaren erasoak pairatu dituztenentzako baliabide eta zerbitzu gehiago eskainiko ditu. Protokoloa auzoko beste eremu batzuetara zabalduko dugu: hezkuntza komunitatera, auzoko dendetara, ostalaritzara eta sare sozialetara.
Puntu moreen presentziak eragin nabarmena du jaietako segurtasun eta erosotasun pertzepzioan. Baina puntu moreek hezkuntza osagai garrantzitsua dute, onespenaren eta sexuen arteko berdintasunaren inguruan, eta gure auzoan eta Donostian behar dugun kultura aldaketa bultzatzen dute.