Zezenketak herritarren borondatearen aurka
Aurten berriz ere Illunben zezenketak izango direla iragarri da. Gerra, krisia, eskasia eta denetariko atsekabeak ditugun garai makur hauetan ez da erraza zezenketen aurkako aldarriak jendartearen interesa piz dezan, dena da kezka eta ezinegona. Baina, horregatik ere, zail zaigu ulertzen zergatik ez zaion gai honi, donostiarren artean dagoen adostasun zabalari erreparatuta, irtenbidea ematen, irtenbidea behin behineko izanagatik ere. Ariketa ona litzateke, gizarteak dagozkion gaiei buruzko erabakimena izateko duen beharra nabarmena den garaiotan, bertako agintariek aurrera urratsa egin eta donostiarron nahia beteko dela bermatzea.
2011-15 legegintzaldian izan zen zezenketarik gabeko Aste Nagusirik, eta udal gobernuak ez zuen horregatik zigorrik jaso. Ezin da serioski esan udalak ezin duela deus egin, Illunberen kudeaketa bere ardura denean. Illunbe udal instalakuntza da, eta erraz du udal gobernuak, hala nahi izanez gero, zezenketak eragoztea bertan. Egokiena litzateke, hartara, udal gobernuak berak sustatutako inkestan donostiarrek adierazitako nahikaria betetzea: (%71k zezenketen aurkako iritzia eman zuten, eta soilik %18k alde). Donostiarrok ez dugu zezenketarik nahi Illunben.
Motel doa animaliei ematen zaien tratu txarren aurkako borroka. Estatu mailan onartutako legeak zezenketak salbuesten ditu hartutako babes neurrietatik, baina, hala ere, begibistakoa da hartutako norabidea: gizarteak ez ditu animalien aurkako tratu txarrak onartzen, eta legegile zein agintariek horren arabera behar dute jardun. Motel doa, baina badoa, eta iritsiko da zezenketak iraganeko izango diren garaia. Zer nahi dugu donostiarrok, atzeraezinezko den garapen horretan azken bagoian joan?
Aurten ere gu, gure apalean, donostiarrei zezenketen aurkako jarrera adieraztera gonbidatuko ditugu, ez gara nekatuko berauen amaiera aldarrikatzen.
Udal gobernuari donostiarren hitza errespetatu eta errespetarazi dezan eskatzen diogu. Illunben zezenketarik ez!